Orexako Ostatuko arduradunek «gogotsu» heldu diote egiteko berriari

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko urt. 3a, 08:00

Orexa bertako Joxe Luix Iturrioz eta Onintza Zubeldiak hartu dute herriko Ostatua gidatzeko ardura; «poliki-poliki» hasi direla diote.

Duela hiru aste eskas ireki zuten Orexako Ostatu eraberritua. Herritarrei begirako irekiera izan zen eta ordutik, jo eta su ari dira bertan lanean Joxe Luix Iturrioz eta Onintza Zubeldia. Orexan bertan bizi dira eta beraz, lana bertatik bertara edukitzeaz gain, herriko beharrak eta giroa ederki ezagutzen dituzte. «Gu oso gustura ari gara, ez dugu aitzakiarik; Ostatua txukun-txukun utzi dute eta orain lana egitea besterik ez da falta», esan du Iturriozek.

Ostalaritzarekin lehen harremana dute, eta «gogotsu» ari badira ere, «poliki-poliki» ari direla aitortu dute. «Oraingoz familia osoaren laguntza izaten ari gara, anai-arreba, ilobak... denak dabiltza hemendik bueltaka, laguntzen. Martxa hartzen ari gara oraindik, baina oso gustura ari gara», dio Zubeldiak. «Berriak gara eta larritasun puntua ere badugu horregatik, baina ari gara, laguntzaile asko ere baditugu eta pixkanaka ari gara. Ostalaritza polita da, jendearekin egiten duzun harreman hori eta, oso polita da, baina hasi besterik ez gara egin», gaineratu dute.

Herrian Ostatua berriz ere irekitzeko gogoa ere bazegoela gogoratu dute. «Maiatzean itxi zuten eta ordutik, elkartearen bueltan bildu da jendea, baina ez da berdina. Ostatu gosez zeuden, eta ez dakit zer esango duten... baina etorri, etorri dira behintzat. Kexarik ez dugu jaso», diote umoretsu.

OTORDUAK

Otorduak ematen dituzte jada. Askotariko platerekin eta errazioekin hasi dira, «suabe-suabe», eta udaberri alderako bertako produktuekin osatutako menua emango dutela esan dute. «Probak egiten ari gara, postreekin hasi gara. Bertako ardi esnearekin egindako flana ematen dugu jada, eta jendeari asko gustatu zaio. Gazta tarta batekin ere ari gara, baina oraindik ez dugu probatzeko eman, probak egiten jarraitzen dugu. Udaberrirako izango dugu menua prest», esan du Iturriozek.

Ostatu goxoa du bikoteak, argitsua da eta leku asko du, eroso egoteko modukoa da herritarren biltokia. Jantokia ere badu, barraren inguruan geratzen diren mahaiez gain, eta baita txoko berezia ere; are pribatuagoa den jangelatxo txiki bat.

Udaberrirako proiektua borobilduko dutela diote. «Ordurako zabalduko dugu ere denda. Orexako produktuak izango ditugu bertan salgai, barazkiak, sagarrak, gazta noski... eta horiekin osatuko dugu menua. Pixkanaka goaz», esan du Zubeldiak.

Bikotea herritar bezala Ostatuari eskatzen diona ematen saiatzen da; «herrian zerbitzua ematea, bertako produktuak ematea eta giroa sortzea. Hori da ere Orexa Bizirik-eko helburua, eta baita gure helburua ere», esan du Iturriozek.

Senitartekoen laguntza izaten ari direla diote, baina baita herriarena ere, orokorrean. Ostatuarena ez baita proiektu isolatua. Herritarren bilgune izan denak, horrela jarraituko du, eta aurrerantzean kanpotik gerturatuko direnei ere Orexa zer den, bere nortasuna zein den, emango diete ezagutzera. «Herritarren babesa jasotzen ari gara eta baita udalarena ere, eta oso eskertzekoa da. Babestuta sentitzen gara», esan du Iturriozek.

ASTEAN BITAN IXTEN DUTE

Astean bitan ixten dute, astearte eta asteazkenetan, eta gainontzeko egunetan badute irekitzeko ordua, ixteko izaten dira komeriak. «Asteburuetan 11:30ean irekitzen dugu eta astean zehar 13:00ak aldera irekitzen dugu. Ixteko ordua denak joaten direnean heltzen zaigu», diote.

Herritarrak pasa dira jada bertatik, eta baita kanpotarren bat ere. «Lizartzatik etorri dira, baita Ibarratik ere, Bergarako batzuk ere izan ziren aurrekoan... inguruko jendea ari da gerturatzen batik bat, batzuk mendi buelta egin eta gero».

Aurrerantzean lanean trebatzen jarraituko dutela esan dute eta inguruko herritarrak zein kanpotarrak gonbidatzen dituzte Orexa bertatik bertara ezagutu eta Ostatuan geldialdia egitera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!