Herri ereduarekin bat

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko abe. 14a, 07:13

Maiatzean itxi zuten Orexako Ostatua eta eraberritze lanak bukatuta herriko bikote batek hartu du berriz ere zabaltzeko ardura. Orexa Bizirik proiektuaren muina izango da aurrerantzean. 

Duela bi urte inguru hasi ziren Orexan, herriaren etorkizuna marrazten duen proiektua garatzen. Orexa Bizirik proiektuak herria jasangarriago eta iraunkorrago egitea du helburu eta herritarrak erdigunean jartzen ditu, «harro gaude Orexan bizitzeaz, asko dugu eskaintzeko eta eredu ere bagara zentzu askotan, hori erakutsi nahi dugu eta bide horretan Ostatuak berebiziko garrantzia du», esan du Eneko Maioz alkateak. Jaiak bukatuta itxi zuten Ostatua, maiatzean, eta ordutik eraikina eraberritzen aritu dira.

Inaugurazioa larunbatean egingo dute, herritarrei begirakoa izango da, batik bat, eta garrantzitsua da oso, Orexa Bizirik proiektuaren muina baita. «Orexa Bizirik proiektuko zatirik ikusgarriena da. Denbora asko garamatza lanean. Gure erronka tabernaren eredu hori aldatzea eta herri eredu baten barruan txertatzea izan da. Filosofia guzti bat aldatzea da helburua eta lehen pausoa eman dugu», gaineratu du.

Eraikina berritu dute eta dezenteko obra egin dutela esan du alkateak. «Inbertsio handia izan da, baina beharrezkoa. Helburua eredu aldaketa hori ere islatzea izanik garrantzitsua da Ostatua». Ostatuak aurrerantzean, «filosofia aldaketa» bat izango du hortaz, «Ostatuak bete beharreko funtzioez eztabaidatu genuen, eta harago joan behar zuela ikusi genuen».

Hori dela eta, ohiko taberna baten funtzioez gain, beste hainbat betebehar izango ditu: «Herritarren elkargune izatea, kanpotik etortzen direnentzat informazio eta harrera gune izatea, eta baita denda txiki baten funtzioa betetzea ere».

Denda ere saltoki hutsa baino gehiago izango da, bertako produktuak izango baitira nagusi, bertako jarduera ekonomikoak indartu eta bide batez, eredu propio horren alde eginaz. «Herriko produktuak sustatu eta salduko dira bertan eta, era berean, menuetan lehengai bezala erabiliko dira», esan du Maiozek. «Gertuko produktuak sustatuko ditugu, aldi berean, gure baloreak kanpora atera ahal izateko. Orexak zerbait berezia eta herrikoa, propioa, eskaini behar die bai orexarrei eta baita kanpotarrei ere». «Orexak zer eskaini dezakeen erakutsi nahi dugu», gaineratu du.

Otorduak

Igandetik aurrera egongo da zabalik eta otorduak normaltasunez emango badituzte ere, udaberrira arte itxaron beharko da proiektua «borobiltzeko». «Proiektu guztia pixkana txertatuko dugu, saltokia ere udaberrirako izango dugu prest».

Lanean hasiak dira jada, hala ere. «Bertako produktuen lanketarekin hasita gaude, asmoa da udaberrirako bertako produktuen menu oso bat eman ahal izatea. Zentzu horretan probak egiten ari gara eta bertako ardi esnearekin egindako flana ere egin dute eta oso goxoa dago. Sorkuntza lan horretan ari gara».

Ostatuak Orexako etorkizunean izango duen garrantziaz ohartuta, maizter egokiak bilatzen aritu dira orain arte, eta «zortea» izan dutela dio Maiozek. «Herriko bikote batek hartu du eta oso adierazgarria dela esango nuke, hau da, udalak jakin izan du transmititzen Ostatuak zein funtzio bete behar dituen eta hartzen dutenek udalaren babesa izango dutela uneoro». «Elkarlana planteatzen dugu eta herriko jendea apuntatu denerako hori transmititzen jakin dugula esan genezake», nabarmendu du.

Inaugurazioa

Larunbatean zabalduko dituzte lehen aldiz Ostatu eraberritutako ateak, 20:00etan, eta herritarrek eraberritze lanak ikusi ahal izango dituzte. Ondoren, afaltzeko elkartuko dira bertan. «Etxeko aurkezpen bat izango da. Inaugurazioa bere osotasunean udaberrian egingo dugu. Proiektuaren %100a udaberrian egongo baita bukatuta». Igandetik aurrera zabalik egongo da berriz ere Ostatua, beraz, filosofia eta helburu eraberrituekin. Astearte eta asteazkenetan hartuko dute atseden maizter berriek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!