Ostatu bat baino gehiago

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko uzt. 6a, 07:54

Herritarren bilgune izango den, herriko bi jarduera ekonomikoak indartuko dituen eta kanpotik joaten direnentzat harrera leku izango den ostatuari forma ematen ari dira Orexan.

Maiatza erdialdean hasi zituzten berritze lanak Orexako ostatuan eta abendua inguruan irekitzeko asmoa dute. Ez da izango ostatu arrunta ordea. Orexa Bizirik herri proiektuaren barruan berebiziko garrantzia izango duen topagunea izatea baitute helburu. «Proiektu honetan tabernaren berrikuntzak berebiziko garrantzia du, ikusten dugulako taberna, zentro sozial eta harrera leku funtzioak bete behar dituela. Baina egia da orokorrean herri txikiek duten arazoetako bat dela ostatuak ez dutela jarraipenik izaten. Azkar itxi eta irekitzen dira. Arazo orokorra da. Orexa batean ostatua, taberna funtzio hutsaz gain, erreferentziazko tokia da, jendea elkartzeko, eta gure ustez parte hartzea eta jendearen arteko harremanak egiteko leku garrantzitsuena da. Orain ari gara lanak egiten, modernizatu eta txukuntzeko», esan du Eneko Maioz alkateak.

Lanak «nahiko aurreratuak» dituztela dio alkateak eta orain hortaz, lanak bideratuta, ostatua kudeatuko duen pertsona egokiaren bila dabiltza. «Proiektu orokor baten barruan dago eta kudeatzera etortzen denak hori izan behar du kontuan, herriaren eta inguruaren jasangarritasuna izan behar ditu kontuan».

Ostatuak, beraz, taberna funtzioa edukitzeaz gain, funtzio soziala bete beharko du. «Herritarrei begirako funtzioa funtsezkoa da. Herriko taberna bakarra izanda herritarrek artean eginkizun soziala aipatu beharra dago ezinbestean. Herriko jendea bildu eta ekintzak antolatzeko erraztasunak izango dituen lekua izango da», esan du Maiozek.

Horiek horrela, tabernako eraikinak udaleko erabilera anitzeko gela izaten jarraituko du ganbaran, bigarren solairuan, alegia. Soinu eta irudi ekipoak daude bertan eta ekitaldi gehienak bertan egiten dituzte, beraz, «bertara joateko tabernatik pasa behar denez» elkarlanerako eta negoziorako «aukera berriak» irekitzen dituela uste dute. Jangelan herriko eragile eta taldeak biltzeko tokia ere izango du, «sinergiak sortzeko» bidea irekiz.

Harrera bulego lanak ere beteko ditu. «Herritarrentzat ez ezik, bisitarientzat lehen geldialdia izan behar du ostatuak». Helburuak, hortaz, bisitariak gerturatzerakoan herriak eskaintzen duena azaltzea, zalantzak argitzea eta «etxean bezala sentiaraztea» izango dira. Horretarako informazio panelak, eskuorriak eta mapak egongo dira bertan, «Orexako herri marka izango da alor eta jarduera ezberdinak batuko dituena, beti ere taberna erdigunean jartzeko asmoarekin».

Orexako jarduera ekonomiko nagusiak ostatua bera eta Oihan Txiki kooperatiba dira eta horiek indartu nahi dituzte Orexa Bizirik proiektuaren bidez, «egungo lanpostuak mantendu eta berriak sortuz». Zentzu horretan ostatu berriak denda funtzioa beteko du. Jada Oihan Txikik eskaintzen dituen produktuak gazta, mamia eta ardi esne gordina salgai egongo dira, baina eskaintza bertako bestelako produktuak biltzea izango da baita ere. «Bertako produktuen erakusleihoa izan beharko luke. Bertako produktuen eskaintza hori zabaldu nahi dugu, jendeak baditu baratzeak eta produktu horiek trukatzeaz gain, tabernak horiek saltzeko eta zabaltzeko aukera emango du. Jasangarritasunaren ideia horretan dena borobilduko luke honek eta herria bera inplikatuko luke proiektuan», azaldu du.

Orexan, herri askotan bezala, geroz eta gutxiago dira baserrietako lana egun osoz eta beste lanik egin gabe egiten dutenak, baina lan hori egiten dutenak egon badaude. «Ikusten duguna da ez profesionalki, baina bai erdi profesionalki edo, mantentzen direla baratzeak eta hori aukera bat ikusten dugu lehen sektore hori berpizteko. Horrek jartzen duelako balorean Orexako ingurunea bera. Iruditzen zitzaigun aukera bat izan daitekeela hori suspertzeko, eta horiei bermatzeko produktu horiek guztiak atera ahal izateko bide bat. Herrian bertan, herritarrei eta baita, tabernaren bidez, kanpora ere».

Orexa herri txikia da 127 biztanle bizi dira bertan eta bisitariei begirako edozein ekintza egiteko, «herritarren artean izango duen eragina neurtu eta baloratuko» badute ere, «bisitariei begirako eskaintza zaindua» egin nahi dute. Beti ere, herritarrak ekintza hauen guztien «partaide aktibo» bihurtuz, «hala ez bada, hutsala izango da ariketa hau guztia».

Bisitariak erakartzeko eskaintza zabaldu nahi dute, baina ez zaie turismo hitza gehiegi gustatzen. «Kanpotarrak etortzean gu garena erakutsi nahi diegu, herritarrak gustura egotea nahi dugu, eta horrela erakutsiko dugu zer garen eta zer den Orexan bizitzea, herri iraunkor eta jasangarria gara eta erreferentzialtasun hori erakutsi nahi diegu, hori da Orexa Biziriken helburua».

 

OREXA BIZIRIK PROIEKTUA ETA IRAUNKORTASUNA

Orexa Bizirik proiektua ez da legealdi bat edo biren kontua, proiektu orokor bat da, etorkizunera begira jartzen dituena eta herria jasangarriago eta iraunkorrago egiten duena.

Agenda 21 proiektuaren barruan 2023. urtera arteko norabidea marraztu zuten herritar guztien artean, eta bertan finkatutako oinarriak ditu Orexa Bizirikek. «Helburu oso zehatza jarri genion gure buruari: tokiko enplegua eta berdintasuna sortuko duen ekonomia dibertsifikatua garatu, turismoa eta lehen sektorea oinarrituz».

Hau guztia garatzeko Orexako tokiko enplegua %50 handitu, lehen sektoreko okupatu kopurua %20 handitu, lehen sektoreko establezimendu edo esplotazio kopurua %50 handitu eta bisitarien kopurua areagotu nahi dute.

Era berean, ostatu hartzeko ohe kopurua 10era iristea nahi dute, turismo sektoreko langile kopurua 3ra iristea, erreferentziazko urarekiko establezimendu kopurua %100ean handitzea eta langabezia tasa %100ean gutxitzea nahi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!