ataria.eus

[IRAKURRIENAK GOGORATUZ] «Bizirik dago gure herria, aktibo gaude; balio asko dauzkagu»

  kultura  Orexa

Oihan Txiki kooperatiba eta ostatua, bi jarduera ekonomiko horiek bakarrik daude Orexan. Josune Malkorrak (Orexa, 1971) kooperatiban egiten du lan, herrian bertan. Horrez gain, kultur hamabostaldia antolatzen eta bestelako ekitaldiak lotzen ere aritzen da urte osoan.

[IRAKURRIENAK GOGORATUZ] «Bizirik dago gure herria, aktibo gaude; balio asko dauzkagu»
Josune Malkorra, Orexako Kultura Batzordeko kidea eta gaztagilea. REBEKA CALVO | Ikusi handiago | Argazki originala

Asko aldatu al da Orexa azken urteotan?

Duela urte batzuk, aktibo zeuden herriko baserri gehientsuenak; garai hartan, baserri guztietan zeuden behiak, eta esnea lortzen zuten baserritarrek. Baina ikaragarri aldatu da baserri mundua; gaur egun, kooperatiba da baserriko jardueratik bizi den bakarra. Bakarren batek baditu, oraindik, ardi edo behi gutxi batzuk, baratze koskorra daukate beste askok… Baina ez da haien egiteko bakarra. 1980ko urteetan, pixkanaka-pixkanaka galduz joan ziren lan horiek. Gogoan dut gure garaian 72 biztanle ginela herrian, eta eskolara joaten nintzenean dozena bat haur izango ginela gehienez. EGB bukatzerako, zazpi bat besterik ez ginen gelditu. Poza ematen du gaur egun herrian horrenbeste haur eta gazte daudela ikusteak.

Herrian bertan egiten duzu lan, lehen sektorean… Ez da ohikoena.

Ez, ez da ohikoa. Norbera gaztea denean, kanpora ateratzeko gogoa izaten da normalean… Herrian geratzeak ito egiten zaitu, baina, orain, urteak pasatuta, zortea dudala uste dut.

Tolosaldean bada Orexa non dagoen ez dakienik ere…

Jendeak uste du oso urruti bizi garela. Lizartzatik honainoko lau kilometroak luze egiten zaizkie nonbait. Euskal Herria malkartsua da, eta gu bazter batean gaude, baina ez gaude horren urruti ere; Tolosa ordu laurden batera daukagu.

Orexa Bizirik proiektua duzue esku artean, Orexa zer den erakusteko, besteak beste.

Bizirik dagoen herria garela, aktibo gaudela eta gure tira-birekin, baina Orexa ondo kudeatzen den herria dela erakutsi nahi dugu. Herri txikia gara, eta balio asko dauzkagu.

Orexarrak oso aktiboak zarete, gainera.

Denok dakigu hemen bizitzeak berekin dakarrela hori. Festetan, auzolana egin behar da; kultur hamabostaldian edo tarteka ditugun irteeretan ere lan egin behar da… Ez da arazorik egoten; lantaldeak egiten ditugu, eta lanak banatu.

Nola erakutsiko zenioke herria kanpotar bati?

Lehenik eta behin, ibilaldi bat egitera eramango nuke Orexan barrena. Gaztelu aldera joango nintzateke lehenengo, beste herri txiki bat ikusi ahal izateko, eta handik Uli aldera igoko nintzateke gero. Ulitik Orexara jaitsi, eta bertako pagadiak, iturriak, larreak… erakutsiko nizkioke; paisaia. Tabernara ere eramango nuke, herriko giroa erakusteko, eta, nola ez, elkartean otordua prestatuko nioke. Paisaia eta gastronomia nahastuko nituzke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa