Orexan hasten delako bidea

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko abe. 15a, 09:00

Etorkizuneko Orexa marrazten ari da udala, herritarrekin batera. Herria bizirik mantentzeko badakite erroak orain sendotu behar dituztela, eta horretan ari dira lanean.

Batzuk diote bidea Orexan bukatzen dela, baina guk horri buelta eman nahi diogu, bidea ez baita hemen bukatzen, kontrakoa, bidea Orexan hasten da», esan du Eneko Maioz alkateak barrura zein kanpora begira eskaini behar dutenaren inguruan hitz egiterakoan.  

Izan ere, orexarrek erronka handia dute eskuartean. Batetik, herria bizirik mantendu nahi dute, aukerak sortuz, eta horrekin batera kanpotarrak erakarri nahi dituzte, baina oreka bilatuz. Orexarrentzat ez baita baliagarria turismoa erakartzea, herria egiteko ez bada.
Helburua argi dute beraz, eta baita erronka ere: herrian dauden 18 urtetik beherako 30 bat gazteei herrian geratzeko aukerak ematea. Hau guztia dena den, ez da berria. Duela urte batzuk hasi ziren aukerak sortzen eta Plan Orokorraren diseinua ere horretara bideratuta egin zuten. Bigarren pausoan murgilduta daude orain, bete-betean, eta hainbat lan ildo zehaztu dituzte. Horrekin guztiarekin osatu dute Orexa Bizirik proiektua.

Eneko Maioz alkateak azaldu duenez, Orexa Bizirikek hainbat alor jorratzen ditu: «Herriko bertako negozioak bizirik mantendu nahi ditugu, horrela enplegurako aukera txiki batzuk sortuz; turistei zuzendutako apartamentua dugu hor, bukatuta; Oihan Txiki kooperatibako aldaketak ere norabide horretan joango dira; energiaren alorra ere ari gara lantzen; eta azkenik, taberna eta komunikazioa gaiak ere mahai gainean ditugu».

Energia
Energiaren alorrean efizientzia, aurreztea eta energia berriztagarrien aldeko apustua dituzte jomugan. «Gure nahia herri jasangarria egitea da eta ahal den energia gehiena herrian bertan sortzea». Horregatik egon ziren orain hilabete batzuk herrian, Energia Berriztagarrien Graduko bi ikasle.
Ikasleek Basabeko zentral hidroelektrikoa izan zuten aztergai. Horietako batek egindako lana eskuartean dute jada eta horrekin «bide bat jorratu» nahi izan dute. Hau da, zentralak lege aldetik bideragarria izan ote daitekeen jakin nahi zuten, eta lanarekin erantzuna topatu dute. «Badirudi errentagarritasun zaila duela zentralak, baina guk ez genuen errentagarritasuna bilatzen. Herrian energia sortzeko aukera aztertu nahi genuen eta errentagarritasun soziala bilatu. Ikusi duguna da arazoak daudela lege aldetik, bide hori itxi zaigu beraz, baina lanean jarraituko dugu beste saiakera batzuk egiten. Ea zer ateratzen den», esan du Maiozek.

Basabeko zentralak, dena den, beste aukera bat ere eman diezaioke Orexari, ibilbide baten barruan sartuz edo, «makinak hor daude, egoera nahiko onean, auzolanean txukundu genituen, inbentario bat egina dugu jakiteko zer konpondu beharko litzatekeen eta abar, baina ikusiko dugu zer egingo dugun azkenean», gaineratu du.

Taberna
Helburu nagusiak argi dituzte, beraz, Orexan, baina orain «helburu txikiagoak» zehazten ari direla dio alkateak. Hor kokatzen da energiaren inguruko azterketa eta hor kokatzen da ere emango duten hurrengo pausoa: taberna berritzearena.
Buruan dute zein helburu bete beharko lituzkeen tabernak, eta proiektua ere diseinatuta dute, diru laguntzak bideratuta... ez dute aurrera egingo herritarren oniritzirik gabe ordea. Ostiral iluntzean dute horretarako hitzordua, herri bilera egingo baitute, 21:30etik aurrera. Bertan informazio guztia, xehatua, emango diete orexarrei, eta iritziak jasoko.

«Taberna oso garrantzitsua da plan honetan. Ez dugu taberna berritu nahi eta listo, zentro sozial izaera eman nahi diogu eta hiru funtzio eman: tabernarena berarena, denda funtzioa eta harrera lekuarena. Dendaren inguran dugun asmoa da herrian bertan sortzen diren produktu guzti horiek bertan saldu ahal izatea, tartean kooperatibakoak. Hau da, baserritarrek dituzten soberakin horiek bertara bideratu nahi ditugu, zertarako? Batetik, tabernako lehengaiak horiek izateko, eta bestetik, herriko jendearentzat birbanatze hori errazagoa izateko. Harrera lekua izatearekin berriz, esan nahi duguna da, taberna nolabaiteko turismo bulegoa izatea nahi dugula. Alegia, kanpotik etortzen direnek planoak aurkitu ahal izatea nahi dugu, herrian dauden baliabideen inguruko informazioa jaso ahal izatea... Izan ere, gabezi handienetakoa dugu herrian bertan dauden gauzak ez direla lotzen; alegia, badagoela jende bat mendi buelta egitera etortzen dena, baina tabernara joaten ez dena, edo alderantziz, edota gazta erostera etortzen dena gero joan egiten dela...».

Herria bizirik mantendu ahal izateko, taberna bizia behar dute, hori argi dute, eta hortik planaren diseinua eta proiektuaren aurrekontua. «Aurrekontu handia da, herriko aurrekontua baino askoz handiagoa, baina garrantzitsua da. Diru laguntzak lotzen ari gara, erantzun ona jasotzen ari gara, eta egingarria dela iruditzen zaigu, ea herri bileran zer erabakitzen dugun», esan du.
Taberna eredua aldatu beharraz ere hitz egin du alkateak, orain artekoa agortuta dagoela dio, hau da, «buelta bat eman behar diogu». Honi lotuta daude ere Orexa Bizirik proiektuko lan ildoak. Turistei zuzendutako apartamentua esaterako: «Bukatuta dago 6 lagunentzako apartamentua, baina ez dugu honen inguruko kanpainarik egin nahi taberna eredua aldatu aurretik, batera doazela ikusten baitugu. Taberna herritarren bilgunea izan behar du eta aldi berean, kanpotarrentzako erreferentzia gunea, oreka bilatu behar dugu».

Komunikazioa
Honi guztia borobiltzeko komunikazioa lantzen ari dira. «Komunikazioan ikusten duguna da gureak ezin duela izan eskaintza turistiko orokor bat. Orain ari gara hau guztia lotzen; hau da, Orexak zein balio igorri behar dituen zehazten ari gara, gurea bizimodu oso bat da, naturari lotuta, euskarari... bizi estilo horren eredua da zabaldu nahi duguna».

Orexa Bizirik beraz, herria bizi mantentzeko baino askoz gehiagorako proiektua da. Orainean etorkizuna marrazteko lan ildoak biltzen ditu eta jada paperetik harago ere joan da. Pausoka pausoka ari dira proiektuak garatu eta bide-orri berria betetzen. Eta horretan udala ez dago bakarrik, auzolana da Orexako ezaugarrietako bat, eta herritarren laguntza ezinbestekoa dute. Alkateak ere jasotako laguntza guztia eskertzekoa dela esan du eta baita txalotu ere.

«Energia kontuarekin inkestak banatu genituen etxez etxe eta guztiek erantzun zuten. Orain komunikazioaren gaia landuz beste inkesta bat egiteko asmoa dugu, eta tabernak eskaini beharko lituzkeen zerbitzuen inguruko galdetegi bat ere gin nahi dugu, ezinbestekoa dira jendearen erantzunak, eta oso kontentu gaude jasotakoarekin».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!