Deiak egiteko eta jasotzeko aukera izango dute Orexako herritarrek

Ataria 2016ko uztailaren 14a

Uztailaren 7az geroztik, estaldura dute Orexan; bi urte itxaron eta gero, iritsi da herriak zuen behar handienetako bat.

Hasi dira deiak egiten eta jasotzen Orexako herritarrak. Denbora asko zain egon ondoren, estaldura dute Orexako herrian. Uztailaren 7an iritsi zen kobertura eta orain proba egiten ari dira, kalitatea hobetze aldera. Ez da lan erraza izan, Eneko Maioz alkateak onartu bezala, «horrelakoetan, enpresa handiekin, ez baita jakiten zein ate jo behar duzun».

Martxan jarri duten estaldura nahiko «mugatua» dela dio Maiozek, Movistar operadorearena bakarrik delako. Iristen den konexioa, gainera, ez da antena bidez iristen, zuntzaren bidez baizik. Zuntz hori pasatzeak lana eman du, baina merezi izan du, estaldura lortzea aurrerapauso garrantzitsua izan baita. Maioz alkateak aazaldu duenez, herriko Whatsapp taldean ere asko nabaritu da, zenbait etxetara kobertura iritsi izana.

Prozesua hasi zenetik bi urte pasatu dira eta, aipatu bezala, «etxe handiekin negoziatzea ez da lan erraza» izan. Hainbat ate jo behar izan dituzte, herriak zuen behar hori erakusteko. Gainera, proiektua egin zutenetik proiektua onartu bitarte ere, denbora asko igaro da, eta horrek prozesua «asko luzatu» duela azpimarratu du Eneko Maioz alkateak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!