Udalbiltzaren Ikerbiltza programaren bidez, Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek udaletan praktikak egin ahal izango dituzte aurten. Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Graduko ikasleak ari dira azterketak egiten; Orexan bi ikasle ari dira proiektuak garatzen eta irailerako aurkeztea da asmoa.
Orexako Udalak horrelako esperientzia bat martxan jarri duen lehen aldia da, eta Eneko Maioz alkatearen esanetan «oso gustura» daude. Batetik, aurretik Orexan hasitako ikerketa «osatu» egingo duela uste du, eta bestetik, «gazteei aukera ematen diezu bere jakinduria praktikan jartzeko». Hortaz, Udalbiltzaren Ikerbiltza programa bereziki udal txikientzat «sekulako aukera» dela uste du Maiozek.
Orexako Udala Udalbiltzarekin harremanetan jarri zen «energiaren inguruko azterketa orokor bat» egiteko zuten asmoa azalduz. Hasiera batean, ikasle baten laguntza izango zutela jakinda «zentral hidroelektrikoaren bideragarritasuna» aztertzeko lana eman zioten. Orduan, bigarren ikasle baten laguntza izateko aukera sortu zitzaien, eta ikasle horrek herriko gazta kooperatibaren efizientzia energetikoa aztertuko du.
Azterketa horiek Orexa «herri mailan» enpresa talde bat egiten ari den ikerketa orokorrago bat osatuko dute. Hain zuzen ere, talde hori izango da bi ikasleen «tutore».
PROIEKTUAK GARATZEN
Herri guztiko plangintzaren barruan sartuak zituzten «udaleko lokal guztiak, etxe partikular guztiak, herriko negozio guztiak eta tartean zentrala».
Ikasleei zehaztasun «gehiago» emateko asmoz, udalak Basaben duen zentral hidroelektrikoan duela hogei urte egina dagoen azterketa «oinarri» hartuta, «eguneratzeko» eskaera egin zuen, aukera guztiak aztertuz egun zentral hidroelektriko horrek «egungo legediari jarraituz berriz zentral hidroelektriko aukerak dituen ala ez» jakitea da helburua. Enpresa pribatu bat ez den heinean, Maiozek ez du uste herriarentzat «errentagarri» izan behar duenik, herriari «onura» ekarriko balioke. Zalantzak horiek «argitzeko» behinik behin, baliagarria izango dela uste dute.
Beste proiektua herriko kooperatiban kokatu dute, energiaren kontsumoan gune «garrantzitsu» bat zelako, gasolioa eta argi indarra hainbat lan egiteko erabiltzen dituztelako Maiozen esanetan. Kasu honetan efizientzia energetikoa bilatzea da helburua: «Nola murriztu daitekeen hor energia kontsumoa». Kontsumoan izan daitekeen jaitsiera denentzat «mesedegarria» izan daiteke. Behin oinarri horiek kontutan izanda, ikasleei bidea zabalik utzi diete proposamenak egiteko. Aurrera begira, proiektuak ematen dituen emaitzak aztertu beharko badira ere, proiektuak «oso itxura ona» duela dio Maiozek, eta aurrera begira ere elkarlan honekin jarraitzea espero dute, jakintza «partekatzeko».
Zentzu horretan, Maiozek «eskerrak» eman nahi dizkio Udalbiltzari: «Gu bezalako herri txikientzat unibertsitatetara eta iristea nahikoa zaila egiten zaigu, eta beraien laguntza ezinbestekoa izan da».
HERRI JASANGARRIA HELBURU
Orexako herria aspalditik ari da pausoak ematen energia berriztagarrien inguruan: «Pelleteko berokuntza jarri genuen udal eraikinetan, Goiener-eko kide egin ginen...». Edonola ere, pausu horiek modu «desordenatu» batean ematen ari zirela eta «lehentasunak markatzeko beharra» ikusi zuten. Halaber, herri bezala egin nahi zuten ikerketa horretarako egokia izan zitekeen proposamena aurkitzea ere «zaila» egin zaie. Euren helburua «argazkia» atera eta «aukerak aztertzea» zen, aipatutako lehentasun horiek markatu ahal izateko. Hori guztia, «efizientzia energetikoa» lantzeko eta «energia berriztagarrien arloan ere «saiakera» egiteko.
Gainera, ikuspuntu hori landuta herriak beste «xarma» bat ere lortzen duela uste du Maiozek: «Horrelako herri txiki batek zerbait berezia eskaini behar dio kanpotik etortzen denari». Bide horretan helmuga «herri jasangarri bat» izango litzateke, «energia berriz hornitua %100ean, produkzio sail txiki batekin».
INKESTA
Energiaren inguruko inkesta bat bidali berri dute Orexako etxeetara. Etxe bakoitzeko «kontsumoak» aztertzea du helburu, bestelako eraikinetako azterketaz gain, etxeetako kontsumoa ere aztertu nahi baita. Gainera, teknologia berrien bitartez datu horiek «biltzeko» aukera ere badago, eta gero jardunbideak «hobeto» neurtzeko. Udalak guztia «herri proiektu bat» bezala ikusten du, eta horren alde egingo du.
Etxe guztietatik «azkar» erantzun dietela eta «eskertuta» dago Maioz: «Herritarren kolaborazio gabe horrelako zerbait egitea ezinezkoa izango litzateke, eta asmoa da jendeak ere senti dezala Orexan gure txikitasunean gauzak ezberdin egiteko aukera daukagula».