Plan orokorra lantzen hasi dira herriaren «biziraupenerako»

Maier Ugartemendia 2015ko urr. 8a, 09:00

Herritarrekin bilerak egiten hasi da udala, nolako herria nahi duten erabakitzeko

Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berritzeko lanetan hasi dira Orexan. Lehen bilera egina du udalak herritarrekin, eta bertan hogei bat pertsona bildu ziren aurrera begira nolako Orexa nahi duten aztertzeko.
Eneko Maioz alkateak azaldutakoaren arabera, lehen bilera horretan hiru gai landu zituzten: «Lur eremu urbanizagarri eta ez urbanizagarrietan etxebizitzak egiteko aukera, bordak etxebizitza bihurtzeko aukera eta baserriak banatzeko zer aukera dauden». Horrez gain, aurrera begira gaia lantzen jarraitzeko herritarrekin beste bi bilera egingo dituztenez, egun bakoitzean landu beharreko gaiei lotuta, egutegi bat finkatu zuten.

Plan orokorrean egingo diren aldaketak nondik norakoak izango diren bileretan landuko den arren, Maiozek argi du Orexaren garapenerako garrantzitsuak izan daitezkeen aldaketak egingo direla: «Legalki dagoen hutsunea baino gehiago begiratzen dugu estrategikoki zer garrantzia daukan. Haur eta gaztetxo mordoa ditugu herrian, momentu honetan 16 urtetik beherakoak 30 dira. Gure erronka da ume eta gazte horiek herrian geratzeko aukera izatea».

Plan orokorra aldatzeko prozesuek luze jotzen dute, eta Maiozen arabera ere Orexan «luzera begirako» proiektua da honakoa: «Lehenengo bilera hau egiteko ia bi urte pasa ditugu bilera hauek prestatzen, gaiak aukeratzen, etab.». Gauzak honela, herritarrekin egin beharrek bilerak 2016ko urtarrilean amaitzea espero duten arren, tramiteekin beste «urte eta erdi edo bi urte» igaroko dituztela uste du Maiozek. Horregatik, lan hori «lasai eta patxadaz» hartuko duten arren, eurentzat «oso garrantzitsua» izango dela argi dute.

Aipatu bezala, gaia lantzeko lehen bilerak herritarren interesa piztu zuen, eta Maiozen esanetan herritarrek «jarrera oso ona» erakutsi zuten, eta horregatik uste du «lan txukuna egiteko baldintza oso onak» dituztela.

Hurrengo bilera noiz izango den zehazteke dago, baina «lehen bileran ateratako ondorioak eta hartu genituen etxeko lan batzuk» landuko dituzte. Kronograma gainetik bada ere zehaztuta dute, baina gaiak sortu ditzakeen interes edo zalantzen arabera, «seguraski» moldatzen joan beharko dutela uste du Maiozek.

Plan orokorraren garrantzia

Plan orokorra eguneratua izatea garrantzitsua dela aipatzen da beti, eta Maiozi zergatia galdetutakoan ere berdina azpimarratzen du. Legearen arabera «beharrezkoa» izateaz gain, «herri txikion aldetik estrategikoki beharrezkoa da bizirauteko tresna bilakatu daitekeelako».

Plana zaharkitua izateak herriari eragin diezaioke: «Gaur egun lege asko aldatu dira eta ez badaukazu eguneratutta askoz zailagoa da herrira ondo moldatzea».

Gainera, legeri orokorrak herrian nola aplikatu erabakitzen da bertan eta gainera, «herriak erabakitzen du» Maiozen esanetan.

Halaber, herri txikietan lan honek «dirutza» suposatu duen arren, hazkundea baldintzatzen du Maiozen esanetan, eta hori Orexa bezalako herri batentzat garrantzitsua da: «Gure hazkundean edo mantentzean dago gure herrien biziraupena».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!