Alkateei elkarrizketak

Eneko Maioz: «Egiten diren lanen helburua da garrantzitsua»

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko uzt. 9a, 10:00

Orexarrak oso parte hartzaileak direla esan du Eneko Maioz alkateak, auzolanetarako deia egitean prest azaltzen dira eta hori oso garrantzitsua dela dio.

Orexarrek Bilduren politika egiteko moduaren alde egin dute berriz ere. EH Bilduk 5 hautetsiak errepikatuko ditu eta alkatea ere azken lau urteetako bera izango da, Eneko Maioz. Udalean taldean egiten dute lan, hala ere; «ohiko bilkurak batzar modukoak dira; udaletik gaiak jorratzen ditugu eta herriak erabakitzen du zer egin», esan du Maiozek.

Zergatik animatu zara bigarren aldiz alkatetzara aurkeztera?
Galdera ona. Herrian aldatzen joaten gara beti eta denek dakite udaletxetik pasa beharko dutela. Baina oraingoan iruditu zitzaidan pena zela martxa bat hartu eta gero, hori galtzea. Taldekideek ez zuten jarraitzeko gogorik eta pausoa ematea erabaki nuen.

Zein balantze egiten duzu aurreko legealdiaz, bai arlo pertsonalean eta baita udal jardunari buruz ere?
Sartu ginen ez genekiela oso ondo non sartzen ginen eta balantzea bi arloetan nahikoa paretsua da. Lehen bi urteak oso gogorrak izan ziren; ekonomikoki oso gogorrak izan ziren, 2011n uholdeak egon ziren... Erritmoa hartu ezinik ibili nintzen, lau urteetako ikuspegi zabala hartzea ere zaila da, dena azkar egin nahi duzu... Azken bi urteak askoz lasaiagoak izan dira. Egin ditugun gauza gehienak ere azken bi urteetan egin ditugu, ekonomikoki ere egoera hobea izan dugu, zorrik gabe geratu gara... Hor kokatzen dut ere hasiera hau; azken bi urteak eta hasiera hau batera doaz. Orokorrean beraz, balantzea ona da, azken bi urteetan gauzak egiteko aukera izan baitugu, eta horrek datozen lau urteetarako harra piztu digu.

Zein da udalaren egoera ekonomikoa?
Duela lau urte egoera ekonomikoa ez zen oso ona. Zorrak zeuden, ez oso handiak, baina zorrak. Plan Orokorrerako eta abar aurreztutako diru kopuru bat zegoen eta justu luiziak egon ziren eta Gipuzkoako Foru Aldundira bi urteetan jarraian dirua bueltatu behar izan genuen... Lehen urtean aurrekontuaren %8a bueltatu behar izan genuen, eta horrek eragina izan zuen udal jardunean. Hori pasata dena askoz errazagoa izan da. Egoera ez zen bereziki larria, baina honelako herri txiki batean eragina du eta lehen bi urteetan ia ez genuen dirurik izan inbertsioetarako.  

Zer egin duzue azken lau urteetan?
Udaletxea lekuz aldatu genuen eta zerbitzu guztiak Unsalu berri eraikinean zentralizatu. Aurreko eraikinean apartamentu turistikoa egiten ari gara. Lanak hasita daude eta udara bukaerarako bukatuta egotea espero dugu. Lanak ez dira horren garrantzitsuak, hala ere, garrantzitsuena da zein helbururekin egiten diren.  
Apartamentu turistikoa egitea izango da hortaz, datorren legealdiko erronketako bat. Besterik?
Ez dugu asmo handirik, ibilian ikusiko dugu, baina asmoetako bat apartamentu turistikoarena mugitzea da. Badakigu Orexak ez duela turismorako zentralitate bat izango, ez dugu hori nahi ere, baina jende bat erakarri nahi dugu eta ez dugu zerbait isolatua izaterik nahi. Baditugu baliabideak eta horiek batu behar ditugu kanpotarrei eskaintza bateratu bat eskaintzeko. Herritarrekin proposamen bat lantzen ari gara, epe luzerako, eta eskaintza eskualdean txertatu nahi dugu. Gure asmoa ez da kanpotik jende asko erakartzea, baizik eta herriko zerbitzuak indartzea, hau da, herrian bertan dauden negozio gutxi horiek indartu nahi ditugu. Ostatuari ere buelta eman nahi diogu, hori lantzen ari gara orain. Berrikuntzak egin nahi ditugu. Herri txikietako egitura du eta horrek ere mugak ditu, horri buelta eman nahi diogu. Beharbada terraza bat jarriko dugu bestaldean, baina hori Plan Orokorrean aurreikusi behar dugu. Horixe da landu behar dugun beste gaietako bat, Plan Orokorra. Helburua ere bada gazteei herrian geratzeko aukera ematea, behar diren erraztasunak emanaz. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!