Orexako ezkutuko ondarea, begi-bistan

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko eka. 3a, 18:07

Orexak badu urteetan ezkutuan egon den altxorrik. Lizartzatik Orexara bidean, Basabera joateko kartel 'dotorea' jarraituta iristen da hara, eta Burdina taldekoen eta herritarren lanari esker garbitu eta utzi dute agerian: zentral hidroelektrikoa.

Basabe inguruko zentral hidroelektrikoa XX. mendeko lehen laurdenean sortu zuten, 1930. urte inguruan. Urte luzez lanean egon eta gero, urte asko dira ere bertan lana egiteari utzi ziotela. Azken urteetan Simon orexarra egon zen bertan bizitzen, baina adinarengatik bertatik joan behar izan zuen, eta orduan iritsi zen afera Orexako Udalera.

Zentral hidroelektrikoan errota eta zerrategia ere bazeuden, eta material guzti hori utzi dute agerian. Materiala, gainera, originala da, moldaketa gutxi batzuk besterik ez ditu jasan eta hori berezia dela diote Burdina taldeko kideek.

Lehen fasean eraikina eta materiala balorean jarri nahi izan dute, eta orain ezagutarazteko garaia dela diote. "Oso txukun utzi dute eta orain gure asmoa da herritarrei erakustea, bisitaldi bat antolatzea, beraiek egindako lanaren zati bat hor baitago. Erronka hau ez da hemen bukatzen, hala ere, baina ez dakigu non bukatu den ere. Jendeari Orexara etortzeko beste aitzakia bat eman nahi diogu", esan du Eneko Maioz alkateak.

Udalak orain urte eta erdi inguru jo zuen Burdina taldekoengana, eta horretan garrantzia berezia izan du Jokin Sorozabalek. Sorozabal Andoainen jaioa da nahiz eta urte asko diren Orexan bizi dela, bera jarri zen harremanetan Burdina taldekoekin: "Herrian denok genekien hau zegoela hemen, zentrala esaten genion. Simon bizi zen hemen, eta hemendik joan zenean, hau udalarena zenez, udalaren esku geratu zen erronka. Intuizioz ikusten genuen hau ezin zela edozein modutara garbitu eta hustu, bazegoela zerbait, eta horregatik, sentsibilitate pixka batekin lan egiteko kontua zenez, erabaki genuen Burdinarengana jotzea".

Burdinakoek egindako lehen bisitan konturatu ziren bertan berreskuratu beharreko ondare historikoa zegoela, eta guztia garbitzen eta atontzen hasi ziren, balorean jartzeko helburuz. Ez dira bakarrik egon zeregin horretan, hala ere, herritarrek ere lagundu dute: "Herritarrekin bisita bat egin genuen eta auzolanean traste zaharrak atera genituen", esan du Maiozek.

Ondare historikoa

Burdina taldekoek zentral hidroelektrikoren balore historikoa nabarmendu nahi izan dute. Taldeko Joxe Ramon Berrondo historialariak esan duenez, Gipuzkoan horrelako ondasun gutxi dago, "zentral bat da, uraren indarrez sortzen du elektrizitatea, eta horretaz gain errota mugitzen du eta ur horrekin zerrategia ere badago". "Gure lana  izan da lehen fase hau egitea, ondare hau balorean jartzea, alegia. Hau ez da hemen bukatzen, hala ere, bigarren fase batean tokia jendeari ezagutarazi nahi diogu. Hau martxan jartzea ere ez litzateke gaizki egongo, baina horretarako instituzioak ados jarri behar dira", gaineratu du.

Manu Izagirre Burdinako arkeologoak bere aldetik zentralaren inguruko xehetasun gehiago eman ditu: "Zentrala etxebizitza ere bada; lehen pisuan zentrala zaintzen zuen pertsona bizi zen, Simon, eta beheko solairuan dago zentrala bera. Uraren indarra errotarako eta zerrategirako ere erabiltzen zuten, eta bertan dago material guzti hori ere. Kanpoan enborrak mozteko zerra ere badago".

"Zentralaren gailuen mugimenduan hainbat fase zeuden: lehen mugimendua elektrikoa zen erabat, uraren mugimenduarekin elektrizitatea lortzen zuten; gero ekoizpen hori moldatu egiten zuten, hasieran errotak urarekin mugitzen ziren, zentraleko ur berarekin, eta gero, lan egiteko era aldatu eta elektrizitatearekin jarraitzen zuten lanean. Kanpoko zerrak ere modu berean egiten zuen lan", azaldu du Izagirrek.

Burdinakoak zentralera iritsi zirenean dena egoera kaxkarrean zegoela esan du arkeologoak: "Udalak hartu zuen erabakia oso egokia izan zen, bestela eraikina ez baitzen egongo, erori egingo litzateke. Denok geneukan oso argi lehenik eta behin eraikina mantendu behar zela, egonkortu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!