Herritarren parte hartzea ordenantza batean bildu dute

M. Ugartemendia 2015ko urt. 9a, 11:52

Orexar guztiek herriko kontuen inguruan erabakitzeko aukera dute batzar irekietan.

Abenduaren 19ko osoko bilkuran onartu zuten Orexako Udalean herritarren parte-hartzeari buruzko araudia, hau da, jada Orexan ohikoa zen herritarren parte hartzea ordenatzeko araudia onartu zuten. Araudiak berak dioen moduan, helburua «herritarrek Orexan parte har dezatela sustatzea eta hori garatzea da».

Duela urte gutxira arte Orexan, ehun biztanle baino gutxiago izateagatik Udalbatza irekia delakoaren pean funtzionatzen zuen. Ondorioz, alkatea zen erabakiak hartzeko eskumena zuena, eta egungo alkate den Eneko Maiozen esanetan «alkateak gai baten inguruan erabakia hartu nahi ez bazuen eskubidea zuen batzarrera lekualdatzea erabakia hartzeko ardura». Horrek «ahalbidetu» du urte horietan guztietan herri bilerek eta batzarrek indarra hartzea, eta herritarrek udal erabakietan zuzenean parte hartzeko «ohitura» izatea.

2011 urtetik aurrera, ordea, Orexako herriak ehun biztanletik gora dituenez, bost zinegotziz osatutako udal taldea du, hau izanik legez dagoen erabaki gune bakarra eta hortaz, herri batzarrek «eskumena galdu» dute. Maiozen esanetan, hori da aldaketa hori egiteak zuen «akatsa». Hortaz, herritarrek lehenago zuten erabaki ahalmen horren «hutsunea» betetzeko sortu dute ordenantza.

Orain arte ere, ordenantza onartuta egon ez arren, «lehen bezala» funtzionatzen jarraitu dute Maiozen esanetan. Plenoak irekiak izaten dira Orexan, baina ez soilik herritarrek bertara joateko aukera dutelako. Orexako osoko bilkuretan herritar guztien artean hartzen dituzte erabakiak. Gaiaren arabera, herritarren parte hartzea aldatzen den arren, 15-20 pertsona inguru biltzen dira bilkuretan eta hiru hilabetean behin biltzen dira, legeak ere hala agintzen baitu.

Ordenantza onartuta

Aipatu bezala, prozedura berdinarekin jarraitzen zuen arren, abenduan onartu zuten herritarren parte hartzea ordenatzen duen araudia. Maiozen esanetan, honek ez du herritarren parte hartzean «aldaketa nabarmenik» eragingo, «sistema berdinarekin jarraitzen delako». Baina bere ustetan honek, legez «berme bat» ematen du, herri batzarra «erabakigune izaten jarraitzeko». Nolabait «ofizializatu» egin nahi izan dute, orain arteko lan metodoa. Eta aurrera begira ere, horren inguruan «lanean» jarraitzea ahalbidetuko duela uste du Maiozek.

Horrez gain, ordenantza osatu bat egiteko asmoz, herri galdeketak egiteko aukera, bozkak ematekoa edota auzolana bezalako puntu ezberdinak ere arautu dituzte. Eta norbanakoen eskubideak finkatzeaz gain, taldeenak ere jaso dira. Honela, taldeen lana «erraztu» eta «indartu» ere egin nahi dute.

Hori guztia, hamazazpi orritako araudi batean jaso dute. Bost atal ezberdin ditu, eta guztira 24 artikulu barnebiltzen ditu. Alboan artikulu horietako puntu batzuk irakur daitezke.

Bestelako herrientzat lagungarri

Orexarrentzat ohikoa da jada herriari dagozkion erabakiak herritarren artean hartzea. Baina, Maiozek uste du bestelako herri txikientzat ere «lagungarria» izan daitekeela, parte hartzea bultzatzeko: «Askotan ez da asmatzen jendea nola erakarri eta herri txikien fisonomia berezietarako aportazioa egitea ere bazen helburua». Nahiz eta, herri bakoitzak bere baldintzetara eta beharretara egokitu beharko lukeen.

Maiozen esanetan, normalean parte hartze ordenantza egiten da herritarren artean parte hartzeko «ohitura sortzeko», eta Orexan, berriz, alderantzizko prozesua egin dute: «Ohitura bazegoen, eta ordenantza ondorioa izan da».

Legegintzaldi hasieran funtzionamendu ofiziala aldatu arren, herritarren bilkuretan parte hartzea «mantentzea» lortu zuten, eta herrian egin berri duten inkesta batean jendeak funtzionamendu horrekin jarraitzea «baloratu» du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!