Orexako Udalak energia berriztagarrien alde egin du

Maier Ugartemendia 2015ko urt. 7a, 15:20

Goiener kooperatibako bazkide egin da; Pellet berokuntza sistema eta kontsumo baxuko argiteria ezarri dituzte.

Orexako Udalak ingurumenari begirako hainbat erabaki hartu ditu. Energia berriztagarrien aldeko apustua egin du udalak, eta gaiari lotutako hainbat aldaketa egin dituzte. Besteak beste, energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle den Goiener kooperatibarekin akordioa sinatu dute, argiterian kontsumo baxuko bonbillak jarri dituzte, pellet berokuntza sistemaren alde egin dute...

Aipatu bezala, udalak eman duen pausu garrantzitsuenetako bat Goiener kooperatibarekin sinatutako kontratua da. Eneko Maioz alkatearen esanetan «udalaren energia behar guztiak kooperatiba horren bitartez» aseko dituzte hemendik aurrera. Kooperatibako bazkide egin da udala, eta «epe luzerako» akordioa sinatu dute: «Kooperatiba gipuzkoarra da eta beraiek bermatzen digute kontsumitzen dugun energia %100 berriztagarria dela, eta hortaz esan dezakegu Orexako Udalak energia berriztagarria bakarrik kontsumitzen duela momentu honetan».

Maiozen esanetan, udalak aurrera begira ere akordioan «sakontzeko» asmoa du. Kontsumitzen duten energia berriztagarria izatetik haratago, eta «energia sortzeko zein aukera dauzkagun» aztertu nahi dute: «Efizientzia energetikorako zein neurri hartu ditzakegun herrian, eta horiek aurrera nola atera». Bide horretan, hogeita hamar urtez geldirik egon den zentral hidroelektrikoarekin lotutako asmo edo ideia bat ere badarabilte buruan: «Orain arte pertsona bat bizi zen eta berak mantentzen zuen eraikina. Gaixotasuna medio pertsona horrek joan behar izan du eta udalarena izaki udalak erabaki behar zuen zer erabilpen eman zentral hidroelektriko zahar horri». Gauzak honela, lehenengo lana eraikina auzolanean berritzea eta garbitzea izan zen, segurtasun neurri «minimo» batzuk bermatze aldera. Lan horiek auzolanean egin zituzten Maiozen esanetan «herritarrak kontziente izan daitezen zein ondare daukagun herrian».

Orain, zentral horretan «zer aukera dauden» aztertu nahi dute: «Ea gaur egungo teknologiarekin posible izango ote litzateken zentral hori berriro martxan ikustea». Posible izango ez balitzake, eraikina aprobetxatuz beste ideia batzuk ere badituzte buruan, baina energiaren lanketa egiten ari direnez «zukua» atera nahi diote: «Goienerrekin egin dugun akordio honetan klabea da zentral horrekin zer egin». Izan ere, orain arte egindako zenbait azterketaren arabera, zentrala «ez da errentagarria». Hala ere, Maiozen esanetan ez dute «errentagarritasuna bilatzen», beste eredu energetiko bat egiteko aukerak jorratzea dute asmo. Kostuak aztertuta, herrian bertan energia hori sortzeko aukera aztertu nahi dute, eta horretarako bidelagun izango dute Goiener.

Maiozen ustez, udalak beren «txikitasunean» badute energia berriztagarriaren alde egiteko aukera, eta Orexan zentralarena «adibide garbiena» dela uste du.

Pellet berokuntza sistema

Orexan jorratzen ari diren beste arlo bat Pellet berokuntza sistemari dagokiona da. Pelleta egur granulatu txikiz osatuta dago, eta egur hori galdara batean erretzen dute energia sortuz. Maiozek azaldu bezala «energia berriztagarri bezala kontsideratzen da biomasa erabiltzen duelako, eta gainera egurretik ere zatirik eskasenak erabiltzen dituelako». Epe luzera, gainera, egur soberakin horiek «bertako baliabideekin» sortu eta honela «energia sortzeko aukera» izatea espero dute.

Berokuntza sistema hau udal eraikinetan ezartzen ari dira. Herriko «hainbat zerbitzu zentralizatzeko» eta «irisgarritasuna hobetzeko», udal bulegoak, gizarte zerbitzutako bulegoak eta medikuaren kontsulta lokal berdinean jarri dituzte. Lokal osoaren berokuntza pellet sistemako galdara batekin egingo dute. Lokal horretan jada ezarri dute sistema, eta udalaren beste eraikin batean ere epe motzean jarriko dute. Udalaren hiru eraikinetatik bitan berogailua eta ur beroa izango dituzte sistema horrekin. Aurrera begira, hirugarrenean ere jartzea espero dute. Honakoa, subiraultza energetikorantz, «pauso garrantzitsu bat» izan da Maiozen ustez.

Herritarren kontzientzia piztuz

Energia berriztagarrien alde Orexan emandako beste pausoa, argiteriarekin lotuta dago. Herrian kontsumo baxuko bonbillak jarri baitituzte.

Hala ere, Maiozen ustez helburuak ez du izan behar ahal den energia gutxien kontsumitzea bakarrik, baizik eta baita «ahal den egokiena kontsumitzea» ere: «Irabazi asmorik gabeko Goiener bezalako kooperatiba bateko kide izatean, bidelagun garrantzitsua daukagu eraldaketa honetan, eta gure txikitasunean pausuak emango ditugu».

Pauso horien artean kokatzen du Maiozek herritarrak «kontzientziatzea». Goienerrekin egin duten akordioarekin, espero dute etxe partikularretan ere «kontsumoa ahalik eta gehien arrazionalizatzeko eta ahal den juxtuena izateko» neurriak hartzea.

Gauzak honela, aurrera «hitzaldi saio batekin eta informazioa emanda» herritarrei pauso horiek emateko aukera zabaltzea espero dute. Herritarrak «inplikatu» nahi dituzte proiektu honetan.

Hortaz, Goiener kooperatibarekin harremana sakontzean doan heinean, «pauso gehiago» emango dituztela uste du Maiozek, eta aztertu beharreko proiektuen artean gelditzen zaie «zentral hidroelektrikoarena»; nahiz eta, «proiektu txikiagoak» gauzatzea ere ez duten «baztertzen».

Edonola ere, euren «txikitasunean» energiaren gaiak zer «potentzialtasun» duen eta energiak «ez duela zergatik enpresen morroi dagoen eredu bat izan behar» erakutsi nahi dute. Baizik eta, bakoitzak dituen «errekurtsoak» erabiliz sortu daitekeen baliabide bat dela azaldu nahi dute. Beraz, Orexako Udalak helburu horri begira lehen pausoak eman ditu eta pauso gehiago ematen jarraitzeko asmoa du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!