Herri afariarekin bukatu dute Kultur Hamabostaldia Orexan

Ataria 2014ko azaroaren 3a

120 pertsona elkartu ziren afaltzeko eta ondorengo dantzaldian "giro lasaian eta modu politean" eman zioten amaiera aurtengo ekitaldiei.

 

Josune Malkorra kultur batzordeko kidearen esanetan, Kultur Hamabostaldia amaitzeko afaria antolatzen dute eta gero dantzaldia. "DJ Bull urte batzuk daramatza Orexara etortzen eta dagoeneko gure gustoak ezagutzen ditu", zehaztu du.

Asteburuari hasiera ostiralean eman zitzaion, Hazparneko anderea izeneko antzezlanarekin. Antzerki taldekoak asko izanik, esfortzu txiki bat egin behar izan zuten udaletxeko ganbarara egokitzeko. "Jende dezente zen eta lekuarekin justu samar ibili ginen", dio Malkorrak.

Larunbatean, arratsaldeko ekitaldia haurrei begirakoa izan zen. Batetik, ipuin kontalaria izan zuten eta plazan puzgarriak jarri ziren. "Egia esan ume eta guraso asko izan ziren, ia herriko festak ziruditen", esan du Malkorrak. "Haurrek neka-neka eginda bukatu zuten puzgarrietan".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!