Ondare bat gehiago herriarentzat

Iñigo Terradillos 2014ko uzt. 17a, 19:30

Galdua eta utzia zegoen ondarea berreskuratu du Orexak aurten. Basabe bailaran kokaturiko eraikinak herriko historiaren atal bat gordetzen zuen, zentral hidroelektrikoa izan baitzen, eta orain, guztia garbitu ostean, erabili edota herritarrei ezagutarazteko moduan dago.

Basabe bailaran kokaturiko eraikinak zentral hidroelektriko moduan funtzionatzen zuen duela 100 urte inguru. Zentrala izateaz gain, bi errota eta zerrategi bat zituen, eta herriko eraikin garrantzitsuenetako bat zen. Funtzio hori bete gabe 30 urte inguru daramatza, eta gainera, lehen herritar bat bizi zen han, baina azken urteetan hutsa egon da etxea. Ondorioz, urtetik urtera eraikinaren egoera okertuz joan da.
Udala hori ikusita, Burdina taldekoekin jarri zen harremanetan. «Eraikina berreskuratu nahi genuen, eta laguntza eskatu genien, beraiek azterketa egin, eta baliozko elementuak identifikatzeko», azaldu du Eneko Maioz Orexako alkateak.
Bada, Burdina taldeko kideek lehendabizi eraikin osoa garbitu zuten, bertan zeuden erremintak, makinak eta bestelako materiala ateraz. Horren guztiaren inbentarioa egin zuten ondoren. Garbiketa saio gehiago egin zituzten, eta azkena, duela hilabete, auzolanean egin zuten orexarrek, udalak deituta. Herritar ugarik hartu zuten parte, eta eurekin batera Burdinako kideak ere izan ziren. «Auzolan horrek, bazuen beste helburu bat, herritarrek euren ondarea ezagutzea, alegia», dio Maiozek. Auzolan horretan, garai batean han egon zen jendea ere izan zen, eta eraikinak  nola funtzionatzen zuen azaldu zien bertaratutakoei. «Herritarrak oso gustura geratu ziren garbiketa lanak egin eta eraikinaren ingurukoak jakinda».
Garai bateko zentral hidroelektrikoa «txukunduta» dago gaur egun, eta herritarrek ezagutzeko aukera izan dute. Orain udalak erabaki beharrekoa da eraikinarekin zer egin dezakeen. Orexako alkateak dioenez, bi aukera ikusten dituzte: «zentral hidroelektriko moduan berriro martxan jartzea litzateke aukeretako bat, baina, horretarako, azterketa baten zain gaude; hala ere, funtzio horretara bideratzeko ez dugu itxaropen handiegirik, errentagarritasun mailari begiratu behar baitzaio, eta badirudi, zaila izango dela». Beste aukera interpretazio zentro edo museo moduan jartzea litzateke. Aspaldiko zentral hidroelektrikoak aurrera begira zer funtzio beteko duen, udalak aukeratuko du, beraz, bi aukera horien artean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!