"Herri antzerkiaren gidoia herrian geneukanetik abiatuta osatu genuen"

Jon Miranda Labaien 2014ko uzt. 14a, 10:22
Udazkenean Orexan antolatzen duten kultur hamabostaldiaren barruan herri antzerkia egin zuten. Uitziko eta Orexako 50 bat lagunek hartu zuten parte. Herritarrek ikuskizun mardula osatu zuten eta herriko elizan eskaini. Joxan Azpiroz uitziarrak eta Orexan bizi den Jokin Sorozabalek zuzendu zuten ikuskizuna

Herri antzerkiaren gainean aritu gara Jokin Sozorazabalekin. Prestaketa lana luzea eta gogorra izan dela aitortu digu baina kontentu sumatzen zaio emaitzarekin. Akuilu lana egitea egokitu zaio, jendea biltzea kosta egiten baita. Baina ilusioz ikusi ditu orexarrak. Espero ez zuen jendeak ere parte hartu zuen herri antzerkian.  
Orexak badu Nafarroako Uitzi herriarekin harreman estua, aspalditik. Nondik norakoa da harreman hau?
Nikolas Ormaetxea Orixe idazlea hemen Orexan jaio zen. Adopzioan eman eta Uitzira joan zen bizitzera umetan. Haren mendeurrenean, 1988an, haren inguruko zerbait egitea pentsatu zuten bai jaio zen herrian, Orexan, bai hazi zen herrian, Uitzin. Orduan gazte zirenek mugitu zuten hori dena, eta geroztik, harremana mantentzen da. Orixeri esker sortutako harremana da.


Orixeren berri izango zenuen lehenago, baina Orexara etorrita, zer gehiago ikasi duzu?
Paulo Iztuetak eman izan du hitzaldiren bat edo beste, eta horrela jakin dugu, besteak beste, apaiz ikasketak egin zituela baina elizarekin eduki zituen gora beheren ondotik ez ziotela meza ematen utzi. Euskal literaturan pertsonaia garrantzitsua da, Euskaldunak poema liburua idatzi zuen 1936ko gerraren ingurumarian Euskaltzaindiak eskatuta. Hain justu, euskal poema bilduma nazionala egiteko eskatu zion.


Liburu horretan oinarrituta egin zuten duela 25 urte bai Uitzin bai Orexan Orixeri buruzko antzerkia, ezta?
Festaburu izeneko poeman oinarritutakoa, nola menditik festara etortzen ziren ikazkinak eta abar. Antzerki horretaz gainera, ekitaldi pila bat egin zituzten. Eta urtero, mantendu egin da harremana.
Iaz, lehen harreman horretatik 25 urte betetzen zirela-eta zerbait berezia egin behar zela pentsatu zen. Taldetxo bat hasi ginen elkartzen eta handik sortu zen iazko udazkeneko herri antzerkia.


Zu arduratu zinen gidoia idazteaz. Nolakoa izan zen prozesua?
Uitziko Joxan Azpiroz eta bion artean egin genuen. Berak oso ondo ezagutzen du Orixeren obra, buruan zituen haren kanta batzuk, idatzi batzuk. Era berean, interesaturik zeuden Ingurutxoa dantzarekin. Nafarroako Larraun bailarako herri guztietan dantzatzen baitzen lehen. Eta bide batez, berreskuratu egin nahi zuten.
Hori dena kontutan izanda, pentsatu genuen Orixeren garaia hartu eta garai hartan berak zein gure herriak orokorrean bizi izandako gertakizun garrantzitsuenak erakustea.

 

1888an jaio eta 1961ean hil zen Orixe. Garai mugituak, ezbairik gabe.
Bai, gaiak baziren. Garai hartako gertakizunen zerrenda bat egin genuen, eta hurrengo pausoa izan zen pentsatzea nola egin hori dena bi herrietako jendearekin. Musikari aldetik, dantzarien aldetik,... zer baliabide genituen ikusi genuen. Antzerkian zerbait ibilitakoak ere bazirela ikusi genuen, bertsozale kuadrilla bat ere bai, batukada taldea ere bazegoen, txistulariak,... Bakoitzari zer lan jarri erabakitzea izan zen hurrengo lana, bizkarrezur bat osatzeko. Horrek eman zizkigun buruhauste dezente.
Ez genuen eskarmentu handiegirik antzerkiaren munduan, baina gauza batzuk ikusi genituen, eta kopiatu ere bai.


Antzerkia OrixeK eta haren arreba gorpuzten duen bikoteak gidatzen du, eta kontakizun horri txertatu dizkiozue beste ekintzak.
Bikoteak lehen pertsonan kontatzen du, narratzaile funtzioa egiten du; lotura egiten du gertaera batetik bestera. Narratzaileen kontakizuna Joxan Azpirozek egin zuen, berak oso ondo ezagutzen baitu Orixeren bizitza. Berak garrantzi handia eman zion arrebarekin zuen loturari. Hego Ameriketan misiolari gisa ibili zen bere arreba lekaimea, eta eskutitz bidez asko komunikatu ziren elkarren artean. Erbestaldi baten amaieran eta bestearen hasieran non zegoen kokatzen lagundu zion.


Kantuak, bertsoak, batukada, dantzak... erakutsi dituzue.
Batukada txistulariekin batera uztartu genuen. Eta 1936ko gerraz ari garenean, batukada oso aproposa izan da bonbardaketa simulatzeko. Eszena horretan gaztetxoek azoka eguna irudikatu dute, dantzarekin.


Gernikako bonbardaketaz gainera, zer beste gertaera erakutsi duzue?
Hasiera Ingurutxoa da. Sarrera indartsua izatea nahi genuen, eta hogei lagun inguruk hartzen dute parte hasierako eszena horretan. Orixek idatzitako kantuekin segitzen dugu; euskal kulturaren berpizkundearena dator ondoren, Lauaxeta, Lizardi eta horiekin; bertsolaritzari heltzen diogu gero, 1935-1936ean antolatu zen lehen bertsolari txapelketari.

Basarriren eskola berriak eta Txirritren eskola zaharrak ere badute beren tokia antzerkian; sagardotegietatik antzokietarako salto hori naturala izan ote zen, edota garaiko kultur eliteak, Aitzolek eta hauek gidatua izan ote zen,... hori dena ateratzen dugu.
Errepublikaren aldarrikapena, 1936ko gerra, gerra ostea,... Gerra ostean herri hauetako asko hustu egin ziren biztanlez. Orexak adibidez, lehengo mende erdialdean 200-300 biztanle izango zituen. Aldiz, 1970. urtearen inguruan justu iritsiko zen 70 herritar izatera. Industrializazioaren eraginez jende askok baserriak uzten zituen beheko herrietara joateko. Herrian gelditzen ziren biztanleentzat gogorra eta tristea izango zen hori ikustea. Hori ere tratatzen da antzerkian.
Bukaera aldera, Orixeren azken urteetan, ikastolak sortzen hasi ziren, Ez Dok Amairuren mugimendua,... zentsura ere ageri da. Hala, azken kantuan, parte-hartzaile guztiak atera eta kantatu egiten dute; nolabait, herriak lortzen du zentsura gainditu eta kantatzea. Mezu positibo horrekin bukatzen da antzerkia.


Youtuben dagon ikusgai, ezta?
Bai. Luis Gurrutxaga irurarrak grabatu zuen herri antzerki osoa, eta gero lan handia hartu du hura muntatzen.


Haurra zela Uitzira eraman, gero seminariora, erbestera,... Noiz bizi izan zen Orixe Orexan?
Dirudienez, urte gutxitan. Bisitan-eta etortzen zen, eta gerra lehertu zenean Orexan zegoen. Euskaldunak idazteko eskatu ziotenean ere hemen zen, eta oraindik ere gogoratzen dira adineko batzuk nondik nora ibiltzen zen paseoan, bere pentsamenduetan sartuta. Askok igual erdi erotzat hartuko zuten. Beraz, gerra aurreko urte batzuetan Orexan bizi izan zen. Gerran ihes egin behar izan zuen, eta erbestean zegoela, Frantzian, II. Mundu Gerra lehertu zen eta preso ere egon zen bertan. Handik libratu zenean Hego Ameriketan ere ibili zen.
Azken urteetan bere iloba Joxe Mari Aranalde Gazteluko apaizarekin bizi izan zen, Añorgan.


Aitzol, Lizardi eta halako beste askorekin Euskal Pizkundearekin ekarpen handia egin zuen Orixek.
Belaunaldi horren parte baitzen. Euskaldunak euskal poema bilduma nazionala berari eskatu zioten egiteko, eta hori da bere obra garrantzitsuena eta ezagunena.
Paulo Iztuetak zion Orixek lau erbestealdi pairatu zituela; erbesteratze politikoa 1936ko gerragatik eta bere idealengatik; kulturala ere bai, Euskaltzaindiarekin eta euskara batuarekin-eta ez baitzegoen ados; erlijiosoa ere bai, nonbait apaiz karrera osoa bukatu zuen baina ez zioten meza ematen utzi; eta azkenik, familia barneko erbestea.


Zu bertsolari zarenez, heldu diezaiogun 1935-36 urte inguruan izan zen bertsolari txapelketari; Basarri eta Txirritaren arteko talka horri. Zer gertatu zen?
Aldaketa eman zen garai hartan, ordura arte zetorren tradiziotik. Taberna girokoa zen ordura arte bertsolariaren mundua, oro har. Garaiko elite euskaltzaleak, Aitzol, Lizardi eta Orixek, besteak beste, eredugarriagoa izango zen bertsogintza nahi zuten. Horretarako, Basarri bezalako bertsolariak nahiago zituzten.
Basarrik irabazi zuen lehendabizikoz antolatu zuten txapelketa hura, Bertsolari Guduak, eta lehendabizikoz, gaiak jarri zituzten. Horrek denak indarra emango zion bertsolaritzari, ikusmin handia sortuko zen seguru, baina aldi berean, esaten da bertsolariak domatzeko ere erabili zela.
Nik banuen interesa gai horrekin, eta lauzpabost herritarrek gorpuzten dituzte Basarri, Txirrita eta horiek antzerkiaren eszenetako batean. Ordukoa da Txirritaren bertso famatuenetakoa, apaizei ironiaz kantaturikoa.

Lehen txapelketa hura eta gero, 1960ean, Euskaltzaindiak antolatu zituen txapelketak, eta ondoren, 1980ko urteetan, elkarteak. Zu ere bazara txapelketa horien protagonista. Esaterako, 1993ko finalean hartu zenuen parte.
Bai, gu 1980ko azken urteetan hasi ginen. Denetariko esperientziak izan ditut nik txapelketetan.
Txapelketa ederra da datorrenarentzat, berriarentzat. Lehen ospetsu bihurtu den baten ondoan berriak egiten duenak inpaktu handiagoa du, entzulearentzat sorpresa da. Garai ona hura da, gero hasten dira dudak eta presioak. Batzuk asmatzen dute presio hori kudeatzen, ez diezaien kalte gehiegirik egin. Gu hor ibiltzen ginen... gaizki. Lauzpabost txapelketa nagusi, Gipuzkoako beste batzuk, gazte mailakoak,... jokatu ditut.


Berria aipatu duzu, baina azken bertsolari txapelketa nagusiaren finalean berrikuntza handiegirik ez zen izan. Txapelketa osoari begiratuta, ordea, berrikuntzarik ikusi duzu?
Ez eta bai. Batzuekin ahaztu egiten gara, ez dira finalera iristen, baina Mantxik Tolosan egin zuen saioa... Eta kuriosoa da, ze bera ez da gazte-gaztea, gure garaian ere kantatzen zuen, eta orain tokatu zaio loraldia.
Gaur gehiago ikasten dute bertsolariek, bertsoez gainera, psikologia. Hobeto asmatzen da nola prestatu psikologikoki. Une honetan nahiko belaunaldi sendoa dago.
Azken txapelketatik Amets Arzallusek eta Sustrai Colinak egin zuten saio bat, bakarkako batzuk,... gogoan ditut zenbait bertsoaldi. Baina 18-20 urte nituenean entzundako bertso gehiago aterako nituzke orain memoriatik. Gaztetako ilusio hori, burua horretara bakarrik edukitze hori lausotzen joaten baita gero.



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!