Orexako irratsaioa

Orexatik eskualde osora

Ataria 2014ko uzt. 4a, 12:00

Ataria irrati ibiltaria Orexara iritsi da gaur. 10:00etatik aurrera bertatik egin du irratsaioa, eta astero bezala, herritarrak izan dira protagonistak. Uztailean herriko ludotekan dabiltzan haurrekin hasi da saioa eta haien atzetik Orexan bertan ekoizten duten gazta eta mami kooperatibakoak etorri dira haien lanaren berri ematera. Haiekin batera, herriko gazteak eta ez hain gazteak ere izan ditugu gonbidatuen artean. Besteak beste, Jokin Sorozabal bertsolaria. Eneko Maioz herriko alkatea eguerdi partean aritu da herrian egin asmo dituzten proiektuei buruz hizketan.

Azken konponketa teknikoek emaitza onak eman dituzte eta egun, ia eskualde osoan ondo entzun daiteke ATARIA irratia 107,6 fm-ean eta www.ataria.info webgunean. Hori ezagutarazteko eta herritarrek irratian zuzenean parte har dezaten ahalbidetzeko, ATARIA irratia herrietatik bertatik ari da emititzen ostiraletan. Horrenbestez, gaur Orexan izango da ATARIA irratia; uztailaren 11n Elduainen; eta uztailaren 18an, Gaztelun. Hori izango da udako oporren aurreko azken saioa.

'Ataria', elkarlanaren fruitu

TOLOSALDEKO ATARIA errealitate dugu joan den urritik. Txolarre Irratiak, Tolosaldeko Hitzak eta Galtzaundi euskara taldeak indarrak batuta sortu den proiektua da. Urte askotako lanaren emaitza izan da ATARIA. Komunikabide talde bakoitzak bere eremua definitu eta irabazia zuen. Asko zen eskualdean euskarazko hedabideek lortu zutena, baina, ere berean, argi zegoen bakoitza berean egonda, aurrera begira baino gehiago, bereari eusten zegoela. Etorkizunean erreferentzialak izateko urrats sendoak eman behar ziren aurrera, arriskatu egin behar zen, indarrak batu eta elkarlanean aritu.

Ezaguna da, bereziki azken hamarkadan, eta mundu osoan, komunikazioaren sektoreak bizi izan duen etengabeko eraldaketa. Izan ere, Interneten eta teknologia berrien erabilera orokortu izana eragin zuzena izaten ari da hedabideen ohiko negozio ereduan, eta horrek krisi sakona ekarri du tokiko komunikabideen esparrura. Baina, krisiak krisi, Tolosaldeak behar du euskal hedabideen sare indartsua, erreferentziala. Euskararen normalizazioak behar-beharrezkoa du. Eta hori lortzeko ahaleginean abiatu da TOLOSALDEKO ATARIA.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!