Idazlea jaio zenetik 125 urte beteko dira aurten, eta 25 urte uitziarrak eta orexarrak elkarrekin Orixeren omenezko ekitaldiak antolatzen hasi zirenetik. Izan ere, 100. urteurrenaren harira hasi ziren bi herriak elkartzen zerbait berezia prestatzeko. Sortzez Orexakoa zen Orixe, baina hirukiak jaio ziren eta, amak hirurak hazi ezinik, Uitzira eraman beharra izan zuten. Hortik, bi herrien arteko lotura hori. Bada, urteurren borobila dela kontuan hartuta, aurtengo kultur astean ekitaldi berezi bat egitea izan dute buruan, eta azkenean, Orixe-ren bizitzaren eta bere garaiaren inguruko antzezlan bat egitea adostu dute.
Urte eta erdiz aritu da 40 orexarrez eta uitziarrez osaturiko lantaldea antzezlana prestatzen. Pasa den astean Uitzin antzeztu zuten, eta Eneko Maioz Orexako alkateak azaldu duenez, herritarrei asko gustatu zitzaien: «Jende ugari gerturatu zen antzerkia ikustera, eta oso gustura geratu ziren. Gainera, herritarrak antzezten ikusteak ilusio berezia egiten du».
Urte eta erdiko lanaren emaitzak beraz, pozik utzi ditu Uitziko ikusleak. Orexarrek datorren larunbatean izango dute aukera herrikideek prestatu dutena ikusteko. Ordu eta erdiko emanaldia izango da larunbat iluntzea girotzeko.
Ekitaldiak, guztientzat
Baina, antzerkiaz gain, ekitaldiz beteriko egitaraua izango da datozen egunetan Orexan. Urtero urtero errepikatzen den Orexa eta Uitzi arteko ibilbideak ere ez du hutsik egingo. Aurtengoan, Uitzitik Orexarako bidea hartuko dute. 25 urte daramatzate ibilbide hori egiten bi herriek, eta aurtengoa hilaren 15ean edota 16an izango da. Hilaren 15ean ohiko bilakatu den DJ Bullen musikaz gozatzeko aukera ere izango da, herri afaria eta erromeriaren ostean.
Gainerakoan, Eneko Maiozek adierazi moduan, «askotariko ekitaldiak, eta adin guztiei zuzenduak» izango dira. Hala, gaztetxoenentzat ipuin kontaketa saioa izango da etzi, eta igande honetan, gaztain biltzera irtengo dira, eta behin nahikoa jaso eta gero, erre egingo dituzte jateko. Talo tailerrean ere parte hartu ahalko dute herriko gaztetxoek. Halaber, puzgarriak ere izango dituzte igande arratsaldean.
Helduentzat, bestalde, hitzaldiak, bakarrizketak, zuzeneko musika eta ikus-entzunezkoak antolatu dituzte. «Gai asko jorratzen saiatzen gara, guztien gustukoak izateko», azaldu du Orexako alkateak. Herenegun, adibidez, etxebizitzen kudeaketa energetikoaren inguruan aritu ziren solasean udaletxeko ganbaran, eta herritar asko gerturatu zen. Gaurkoan, Barry Barrezen eskutik bakarrizketa entretenigarria izango dute, eta larunbaterako Pettiren kantaldia iragarri dute.
EGITARAUA
Azaroak 6, asteazkena
21:30. Barry Barrezen eskutik, Irish in Euskal Herria bakarrizketa.
Azaroak 8, ostirala
22:00. Idoia Sanchezen eskutik, ipuin kontaketa saioa.
Azaroak 9, larunbata
22:00. Arantxa Urbieta bakarlaria.
Ondoren. Pettiren kantaldia.
Azaroak 10, igandea
10:30. Gaztain biltzera irteera.
Ondoren. Taloak egin eta gaztain erreak jatera.
Arratsaldean. Puzgarriak.
Azaroak 12, asteartea
21:30. Orreaga 778-824 Nafarroa euskal erresumaren jatorria dokumentala, Nabarraldeko Angel Rekalderen eskutik.
Azaroak 15, ostirala
22:00. Izarren argia filma.
Azaroak 16, asteartea
19:00. Orixeren bide zahar berritan antzezlana.
21:00. Herri afaria, Tor magoak alaiturik.
Ondoren. Erromeria Nonahi taldearekin.
Amaitzeko. DJ Bullen musikarekin dantzaldia.