Orendainen Gau Beltza ospatuko dute urriko azken egunean. Herriko plazan 17:00etan elkartuko dira, eta 18:00etan gaztainak jango dituzte. Ordu erdi geroago, 18:30ean, herriko argiak itzali eta beldurrak erreko dituzte, eta, ondoren, puska biltzea egingo dute Kasko-Gaineko etxeetan. Arratsaldeak aurrera egin ahala, afal aurretik «Aralarko otsoaren bila» jarduera egingo dute, eta, amaitzeko, Eltxoak elkartean izango dute afaria.
Egitasmoa Eltxo Kumeak guraso elkarteak antolatu du, eta zenbait oharren berri eman dute, jardueren antolaketa bideratzeko: batetik, ilunpean ibiliko direnez, esku argiak eramateko eskatu diete herritarrei; eta, bestetik, urriaren 25a baino lehen galdetegi bat betetzeko eskatu dute, antolakuntza errazteko. Azkenik, ekimenera «adin guztietako herritarrak eta lagunak» gonbidatu dituzte, eta baldintza bakarra mozorrotzea dela aurreratu dute: «Sortu mozorroa etxeko gauzekin. Erabili irudimena!».