Aurreikusi moduan, euripean egin dituzte korrikalariek X. Eltxo Trail Mikel Garmendiaren Memoriala mendi lasterketako kilometro ia denak. Proba luzeko korrikalariak abiatu ondoren, beroketa ariketak egiten hasi dira motzekoak. 8,4 kilometroko luzera eta 400 metroko desnibel positibo metatuko ibilbidea zuten aurretik. Orendaindik irten ondoren, jaitsiera luze bat izan dute Ibiurreraino. Han, pistan barrena korrika egiteko zatia izan dute, azken igoera gogorrari ekin aurretik. Beste mendi lasterketa batzuekin alderatuta, nahiko motza da, baina aurreikusi daitekeena baino gogorragoa.
16:00etan irten dira Orendaingo plazatik, eta konturatzerako, bertan ziren berriro, 35 minutu eta 41 segundo behar izan baititu garaile izan den Adrian Pajares lazkaotarrak. Goierritarrarengandik nahiko gertu helmugaratu dira bigarren postuan Oier Garaiburu berastegiarra (35.53) eta hirugarren postuan Anartz Azpiroz (36.14) bedaiotarra. Emakumezkoetan, Norah Muzas donostiarra izan da azkarrena, 44.21eko denbora eginda. Atzetik heldu dira helmugara Eneritz Aramendi azpeitiarrabigarren postuan (45.56) eta June Lizeaga tolosarra hirugarrenean (48.54). Lehen herritarra Aratz Azpilgain izan da.
120 korrikalarik eman zuten izena, eta horietako 28k bikoteka egin dute. 14 bikote mistoen artean, Tapei taldea izan da onena. Urkidi bigarren sailkatu da, eta Arbide hirugarren.