Berritasunak, Eltxo Trail lasterketaren hamargarren aldian

Josu Artutxa Dorronsoro

Bi lasterkari, iazko edizioan, helmugara iristen. JON MIRANDA

200 korrikalari inguruk parte hartuko dute larunbatean Orendaingo mendi lasterketan; bi ibilbideak aldatu dituzte, eta sari banaketaren ondoren, afari-merienda egingo dute.

Larunbata iristeko gogotsu daude mendi lasterketak maite dituzten eskualdeko kirolzaleak, etzi izango baita Orendaingo Eltxo Trail lasterketaren hamargarren edizioa. Migel Anjel Arsuaga Orendaingo alkate eta lasterketaren antolakuntza taldeko kideak adierazi duenez, «oso gustura» daude, «hamar urteren ondoren, lasterketa antolatzen jarraitzen dugulako, inguruko lasterkariek proba gustura egiten duten seinale».

Urtero moduan, bi proba izango dira. Batetik, luzea, 21,2 kilometroko luzera eta 864 metroko desnibel positibo metatua dituena. Orendaindik irtengo dira, Ibiur urtegiaren ondotik igaro ondoren, Gaintzara igo beharko dute, eta handik Altzagamendira; 5 kilometroko igoera izango dute. Gero, Baliarrainera jaitsi, eta berriro Ibiur ondotik kilometro batzuk egin ondoren, Orendainera igoko dira. Igoera gogorrak dituen ibilbidea da.

Bestetik, motza, 8,4 kilometroko luzera eta 400 metroko desnibel positibo metatua duena. Orendaindik irten ondoren, jaitsiera luze bat izango dute Ibiurreraino. Han, pistan barrena korrika egiteko zatia izango dute, azken igoera gogorrari ekin aurretik. Beste mendi lasterketa batzuekin alderatuta, nahiko motza da, baina aurreikusi daitekeena baino gogorragoa.

Aurten aldaketak izan dira bi ibilbideetan. «Batetik, ibilbide luzean, Baliarraingo zati bat kendu behar izan dugu. Ondorioz, Baliarraingo herrigunetik Ibiurrera zuzenean jaitsiko dira korrikalariak», azaldu du Arsuagak. «Bestetik, Orendainen gehiago luzatu ditugu bi ibilbideak», gaineratu du. Ondorioz, proba motza azken urteetan baino luzeagoa da.

17 bikote

Eguraldi iragarpenari begira daude antolatzaileak. Badirudi ostiralean eta larunbatean euria egingo duela, eta horrek, noski, ibilbidea baldintzatuko du. «Lokatz dezente egon daiteke ibilbideetan». Ikusteko dago baldintza meteorologikoek zenbat eragiten duten korrikalariengan, eta izena emandako zenbat egongo diren irteeran. Urtero moduan, erantzun oso ona izan du izen-emateak, eta antolatzaileak «oso gustura» daudela aitortu du Arsuagak.

200 lasterkaritik gora izango dira Orendainen. 120 korrikalarik eman dute izena proba motza egiteko; luzerako, berriz, 88k. Bakarka ez ezik, bikotean –mistoak– ere parte hartu daiteke, eta proba motzean izena eman duten 28k bikoteka egingo dute, hau da, 14 bikote izango dira; luzean, berriz, seik bikoteka parte hartuko dute, hiru bikotek, alegia. Proba motzerako ez da dortsalik geratzen, eta proba luzerako gutxi batzuk daude eskuragarri. Azken orduan norbait animatuz gero, Eltxotrail.eus webgunean du aukera. Dortsalak eta poltsak larunbatean bertan banatuko dituzte udaletxe atarian, 13:30etik aurrera.

15:30ean hasiko da proba luzea, eta aurreikuspenen arabera, 17:00ak aldera helduko da lehen lasterkaria helmugara. Proba motza, berriz, 16:00etan hasiko da, eta azkarrenak 16:30 aldera iritsiko dira. Helduen lasterketen aurretik, ordea, haurrek izango dute Orendainen lasterka egiteko aukera. Hiru eta bost urte artekoen lasterketa 14:50ean izango da, sei eta bederatzi urte artekoena 15:00etan eta hamar eta hamalau urte artekoena 15:10ean.

250 lagun otordurako

Bi probak amaitzean, 17:45 aldera, sariak banatuko dituzte, eta jarraian, afari-merienda egingo dute. Azken urteetan, zenbait pintxo banatzen zituzten antolatzaileek; aurten, ordea, otordua prestatzea erabaki dute, eta paella bat egingo dute. «Oraingoz, 250 lagunek eman dute izena, eta oso pozik gaude erantzunarekin».

Dozena erdi bat lagun dira antolakuntza taldeko kide, baina orendaindar ugari aritzen da boluntario lasterketaren egunean. Guztira, 30 lagun inguruko taldea osatzen dute. «Eskerrak eman nahi dizkiet herritarrei. Bikain erantzuten dute, eta lasterketa aurrera eramateko indarra ematen digu horrek. Nabari da herrian badela gogoa ekitaldi bat antolatu eta festa giroan ospatzeko», esan du alkateak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!