Urtero egiten duten moduan, ikasturtea hastearekin batera argazki lehiaketa jarri dute martxan Orendainen. Datorren urteko egutegiak osatzeko irudiak lortzea da ekimenaren helburuetako bat, eta aste honetan zabaldu da parte hartzeko epea. Herritar bakoitzak, gehienez, bost argazki aurkeztu ahal izango ditu, eta azaroaren 2a izango da horretarako azken eguna.
Aurten ere Orendain izango da gaia, eta lehiaketako argazkiek hainbat baldintza bete beharko dituzte, horien artean, argazkiak horizontalean ateratakoak izatea, eta parte hartzaileak Orendainen erroldatuta egotea. Aipatutakoez gain, Orendaingo Udaletik adierazi dute ez dutela onartuko «argazki-muntaketarik edo adimen artifizial bidez sortutako irudirik».
Lehiaketara aurkeztutako irudiekin osatuko dute 2027ko egutegia, eta abenduan banatuko dute herritarren artean. Horrez gain, irabazleak saria izango duela ere aurreratu dute udaletik.
Ikastaroen izen-ematea
Argazkien lehiaketaz gain, 2026-2027 ikasturteko udalaren ikastaroetan eta zerbitzuetan ere izena eman ahal izango dute orendaindarrek. Horretarako galdetegia bete eta Internetez edo udaletxean aurkeztu beharko dute interesa dutenek, orriak eskuragarri dituzte udaletxean zein kultur etxean.
Irailaren 14tik 25era udal bulegoak itxita egongo direla ere ohartarazi dute; tarte horretan, beraz, izena emateko orria buzoian utzi edo Internetez bidali beharko da.