Orendainen ere abiatu dituzte herriko festak: Andre Mari jaiak. Gaur goizean haurrentzako jolasak eta eguerdian gazteen bazkaria izan badituzte ere, arratsaldean hasi dira ofizialki. Aurten, Eltxo Trail mendi lasterketako antolatzaileek piztu dituzte jaien hasiera iragartzeko suziriak. 10. edizioa egingo dute urriaren 17an, eta festa batzordeak modu horretara egin die aitortza.
Gainera, plazan bildu diren herritarrek, Andoni Egiak egindako bertsoa abestu diete, Iparragirre abila dela doinuan:
Bi mila eta hogeita seian
hamargarrenez lasterka
ondoko herri, baso-pistetan
Ibiur urtegin barrena
Eltxo Trail du izena
Mikelen oroimena
Orendain goratzen duena
txupinazokin antolakuntzai
gure eskerrik onena
Segidan, udaletxeko balkoitik gozokiak bota dituzte, eta Astigarragako Kitadelpare txarangaren saioa hasi da.
Minutu gutxi barru, 21:00etan, saiheski jatea hasiko da. Ondoren, bingoa egingo dute plazan. Eta lehen eguna amaitzeko, Ahantzi musika taldeak girotuko du festa gunea, 23:00etatik 02:00etara.
Gaur, gainera, mozorro eguna ari dira ospatzen Orendainen. Askotariko mozorroak jantzi dituzte herritarrek. Zenbaitek lan handia egin du mozorroa pentsatu eta prestatzeko.
Bihar eta etzi ere festak ospatuko dituzte. Hona hemen egitaraua.