Edizio berezia izango du aurten Orendaingo Eltxo Trail mendi lasterketak. Mikel Garmendiaren oroimenez antolatzen hasi ziren lasterketak hamarkada beteko du aurten. «Zenbaki berezia da gurea bezalako lasterketa txikiarentzat», esan dute antolatzaileek.
Urriaren 17an egingo dute, arratsaldez, eta urtero bezala, bi proba izango dira: motza, 7,25 kilometrokoa; eta luzea, 20,7 kilometrokoa. 15:30ean aterako dira proba luzekoak; motzekoak, berriz, 16:00etan. Gaur zabaldu dute lasterketarako izen-emate epea, eta parte hartu nahi dutenek esteka honetan egin dezakete. Lau aukera daude: proba bakoitzean banaka edo taldeka (mistoak) eman daiteke izena. Proba luzeko kostua 25 eurokoa da, motzekoa, berriz, 20 eurokoa.
Urriaren 16ra arte egongo da zabalik izen-emate epea, dortsalak lehenago amaitzen ez badira behintza. Izan ere, gehienez 200 jarri dituzte, 100 proba bakoitzeko. Handik aurrera izena ematen dutenentzat, itxaron zerrenda irekiko dute. Behin izen eman ondoren, ezingo da probaz aldatu, baina urriaren 9ra arte arte egongo da baliogabetzeak egiteko aukera.
Edizio berezia izanik, lasterketaren ondoren, 19:00ak aldera, afari-merienda egiteko asmoa du antolakuntzak. Lasterkariek ordaindu beharreko tarifan sartuta dago otordua; lasterkaria ez denak eta otordua egin nahi duenak, txartela erosi beharko du.