Patxi Plazaola laugarren izan da The Traka Adventuren

Ataria 2026ko maiatzaren 12a

The Traka Girona (Katalunia) hirian gauzatzen den gravel ekitaldia da. Europako gravel ekitaldirik handiena eta munduko bigarren handiena bilakatu da azken urteotan izan duen hazkuntza medio.

Hainbat lasterketa biltzen dituen ekitaldia da, 560, 360, 200 eta 100 kilometrokoak, baina lasterketa hutsa baino gehiago bihurtu da, eta erakustoki eta bilgune da gaur egun.

Patxi Plazaola orendaindarra The Traka Adventure deiturikoan lehiatu da aurtengoan, 560 kilometro eta 10.000 metroko desnibel positiboa duen lasterketan. Bere hitzetan, gogortasunagatik baino lehiakideen mailagatik da esanguratsua lasterketa. «Gravel lasterketarik garrantzitsuena izanik, lasterkari on guztiak bertan izaten dira, lasterketa honetan lorturiko emaitzari garrantzi handia ematen baitzaio, eta 360 eta 200 kilometroko lasterketa irabazteak kontratu on bat lortzea ekarri baitezake bertan lehiatzen diren profesionalentzat».

Plazaolaren esanetan, bera lehiatu den distantzian ere hantzeko zerbait gertatzen da, baina eskala txikiago batean. «Ultradistantzia geroz eta esanguratsuagoa bihurtzen ari den modalitatea da, eta markek geroz eta interes gehiago dute. The Trakak berak hori ikusi du, eta 2025ean lehen aldiz ultradistantzia kontsideratu ahal izateko distantzia laburrenetarikoa izango lukeen lasterketa sortu zuen, The Traka Adventure, 560 kilometroko proba. Bertan, ultradistantziako lasterketarik garrantzitsuenetan garaile edo garaipenerako lehian ibiltzen diren txirrindulari gehienak lehiatzen dira».

Orendaindarra laugarren postuan sailkatu da, 24 ordutik beherako denbora eginez. Gustura azaldu da lorturiko emaitzarekin: «Espero baino emaitza hobea izan da. Denborari begiratzen nion gehienbat. Banekien zeinen maila altua zegoen, eta nahiz eta denbora ona egin, postua hain ona ez izatea oso posible zela argi neukan. Baina eginiko denbora ere uste baina hobea izan da, aurreko urteko garaileak, aurtengoa berriz irabazi duen Victor Bosoni frantziarrak, 23 ordu eta 56 minutu behar izan baitzuen aurreko urtean garaipena lortzeko, eta bigarren sailkatua 25 ordutik gora joan zen». 24 ordutik jaistea ez zuen espero, eta oraindik gutxiago 23.56 hori baina denbora hobea egitea. «Esan beharra daukat dena den, baldintzak ere seguruenik ezberdinak izan direla, aurten irabazleak 22 ordu eta 11 minutuko denbora egin baitu, benetan hegan egin dute». Plazaolak 23 ordu eta 51 minutuko denbora egin du.

Lorturiko emaitzaren garrantzia aipatu du Plazaolak: «Nik uste ez naizela ohartzen guztiz lorturikoaz. Munduko espezialista on gehienak bertan ziren, eta horietariko askoren aurretik amaitu eta izan naiz ia lasterketa guztian; uste dut ez naizela guztiz kontziente horretaz. Eginiko denbora eta izaniko abiadura, zein lasterketako datuak imajinatu ere ezin nituzkeenak izan dira. Nutrizio aldetik orain arte erabilitako planaren ezberdina egin nuen eta nabaritu dela uste dut, azken kilometroetan indartsu sentitu eta azkar arituz amaitu bainuen». Lasterketan zehar ez zen dena ondo joan, krisi batzuk eta jateko arazoak ere izan zituen, baina buelta ematea lortu zuen eta orokorrean dena oso ondo joan zela dio: «Horrelako lasterketetan denetarik bizitzea tokatzen da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!