Maiatzerako egitarau betea

Ataria 2026ko maiatzaren 11

Orendaingo jaietako artxiboko une bat. ATARIA

Maiatzean zehar egiteko hainbat jarduera antolatu ditu Orendaingo Udalak, horien artean, baserritarren bazkaria, frontenis txapelketa eta adinekoen irteera. Horrez gain, herritarrek datorren ikasturterako ikastaroak eta zerbitzuak proposatu ditzakete gaur eta bihar.

Ohi bezala, Orendaingo Udalak hilabeteko egitaraua argitaratu du herrian egingo dituzten jarduerekin. Adin guztiei bideratutako hainbat proposamen prestatu dituzte, horien artean, baserritarren bazkaria San Isidro egunean, frontenis txapelketa eta adinekoen irteera —ekainaren 11n—.

Hitzordu horiez gain, aurrera begirako zenbait jarduera prestatzen ere hasiko dira maiatzean. Batetik, udalekuak antolatzen hasi dira, eta asteka izena emateko aukera zabaldu dute. Udalekuak ekainaren 22tik uztailaren 24ra izango dira, 09:00etatik 13:00etara.

Udaletxera inprimakia beteta eraman behar dute izena eman nahi dutenek, asteazkenetan, 09:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 17:30era; eta, bestela, astean zehar 08:00etatik 15:00etara.

Datorren ikasturtea prestatzen
Uda ez ezik, datorren ikasturtea antolatzen ere hasi dira Orendainen, eta herritarrek ikastaroak eta zerbitzuak proposatu ditzakete gaur eta bihar. Hori bi modutan egin dezakete: online galdetegia beteta, eta paperezko inprimakia udaletxean entregatuta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!