Izen ofiziala Larreta Haruzkoa baldin badu ere, Apalategi bezala ezagunagoa da ezbeharra gertatu den baserria. Bi familia bizi dira egun bertan, ezker-eskuin. Apalategi familiaren ganbaran hasi da sua, lo zeudela. Etxekoen esanetan, 04:00ak aldera soinu txikiak entzuten hasi dira. Aldamenean adineko pertsona bat zutenez, beregana joan dira ea bera ari ote zen soinua ateratzen, baina horrela ez dela ikusi dutenean, ganbarako atea zabaldu dute, bertatik baitzetorren soinua. Atea zabaldu dutenean sua ikusi dute, indar handiarekin, gainera.
Familia osoa kanpora atera eta bizilagunei larrialdiaren berri eman ondoren, auzokideei ere laguntza eskatu diete. Izan ere, suteen aurkako ur-hargunea baserriaren ondoan daukate, mangera eta guzti. Apalategi sendiak azaldu duenez, ordea, ur-harguneko irteera eta mangeraren sarrerak ez zuten bat egiten, neurri desberdinekoak direlako. Ondorioz, ezin izan dute ezer egin.
Suhiltzaileak 04:30ak inguruan iritsi direla azaldu dute, baina ordurako sua indartsu zegoen etxebizitza batean. Suhiltzaileek teilatu erdian sua moztea lortu dute, beste etxebizitzan kalterik eragin ez zezan. Hori bai, ur dezente sartu da beste etxebizitza horretan. Apalategi familiaren aldean, solairu guztietan eta teilatuan, suteak kalte izugarria eragin du.