Orendainen bigarrenez antolatu du frontenis txapelketa herrikoia Orendaingo festa batzordeak. Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea, eta apirilaren 30a izango da horretarako azken eguna. Banaka zein bikoteka hartu daiteke parte, eta kide bakoitzak bost euro ordaindu beharko ditu. Izena emateko Orendaingo ostatura jo beharko da, edo bestela karteletan jarri duten QR kodea eskaneatu.
Parte hartzaile kopuruaren arabera, partidak maiatzean eta ekainean jokatuko dituzte, eta txapelketako finala, berriz, abuztuaren 15ean izango da. Lehiaketan izena emateko 16 urte baino gehiago eduki beharko dira, eta bikoteko, gutxienez, kide batek Orendainen jaiotakoa edo gaur egun bertan erroldatutakoa izan beharko du.