ELKARRIZKETA

«Guztiek kontsumituko balute bertakoa, ez ginateke iritsiko asetzera»

Aitor Arroyo Askarai 2025eko azaroaren 7a

Leire Lizeaga eta Andoni Egia. A.A.A.

Esnea ekoiztetik eraldatzera pasa ziren duela hamaika urte Orendaingo Larreta baserrian; hainbat motatako esnekiak prestatzen dituzte.

Orendainera bidean ekoizten dituzte Larreta esnekiak izen bereko baserrian. Euren behiak dituzte, eta hainbat esneki prestatzen dituzte, horien artean, jogurtak, gaztak eta izozkiak. Etxetik jasotako lanbideari eutsi dio, gutxi-asko, Andoni Egiak (Orendain, 1981) eta proiektura duela hemezortzi urte inguru batu zen Leire Lizeaga (Astigarraga, 1982). Lanean jarraitu bitartean erantzun dituzte galderak biek ala biek.

 

Nola hasi zineten esnekien ekoizpenean lanean?

Andoni Egia: Behiak betidanik ezagutu ditut gure etxean. Gurasoak aritu ziren eta, aurretik, aiton-amonek ere izan zituzten. Leire eta biok elkar ezagutu genuen, eta eraldatze gune hau jarri genuen martxan 2014. urte inguruan.

 

Leire Lizeaga: Hori da. Aurretik krisi moduko urte batzuk izan genituen, eta beharrak edo eraman gintuen aldaketa hori egitera.

Egia: Lehen esnea bakarrik ekoizten genuen, eta behi askorekin aritzen ginen. Ekonomia aldetik momentu larriak ziren, eta uztekotan behin baino gehiagotan izan ginen. Esan, esaten genuen utziko genuela [barrez].

Lizeaga: Garai hartan lan ikaragarri egiten genuen, baina hilabete bukaeran etekina falta. Horrek estutasun handia sortzen zuen.

Eraldatzen, beraz, duela hamaika urte hasi zineten.

Lizeaga: Proiektua nola eraldatu genezakeen aritu ginen begiratzen: baserrian irauteko, baina modu duin batean edo. Nik lana utzi eta elkarrekin hastea erabaki genuen. Diseinatu genuen dena, Italiara bidaia egin eta han izozkien makina erosi genuen.

Egia: Gazta ikastaro pare bat egin nituen Markinan (Bizkaia), Leartikerren. Gazta eta jogurta egiten ikasteko kurtsoak ziren.

Lizeaga: Eta nik, geroago, izozkienak. Horiek egitera Valentziara (Herrialde Katalanak) joan ginen. Zein produkturekin hasiko ginen erabaki genuen eta horrela joan ginen. Ez dut buruan zein egun izan zen lehena; baina gogoan dut jogurt batzuk hartu eta Tolosara abiatu nintzela. Miren harategia izan zen lehen-lehena. Aparkatu eta bertara joan nintzen produktuak eskaintzera. Berehala hartu zizkiguten, eta horrela hasi ginen martxan.

Hainbat esneki mota ekoizten dituzue.

Egia: Jogurta ekoizten dugu gehien. Horrez gain, petit suisse-ak, hainbat gazta mota —biguna, urdina, samurra, freskoa eta heldua—... Izozkiak, bederatzi zapore; jogurtak beste lauzpabost, eta petit suisse-ak beste bi zapore.

Aldaketarik sumatu al duzu kontsumitzailearengan?

Egia: Gurean aldaketa handi-handirik ez da sumatu. Askotan kritikatzen ditugu ohiturak, baina aukeratzen gaituztenei eskerrak ematea hori bezain garrantzitsua da. Aldaketak nabaritzen dira tarte laburragoetan: hilabetearen bukaera, jai egunak... Gezurra badirudi ere, eragiten duten faktoreak dira.

Lizeaga: Badago jende bat bertakoaren alde egiten duena. Baina horrek ere badu bere gaia. Pentsa Tolosaldean zenbat ekoizle gauden, eta zenbat biztanle. Guztiek kontsumituko balute bertakoa, ez ginateke iritsiko asetzera. Errealitatea da, ordea, eskualdetik atera eta mugitu egin behar garela saltzeko.

Egia: Eragin nabarmena, agian, pandemiak izan zuen.

Lizeaga: Horrek eraman gintuen kontsumo-taldeak sortzera. Donostiako Egia auzora, adibidez, astelehenero joaten gara. Pandemian sortu zen ohitura, eta oraindik mantentzen dugu. Ikaztegietara ostiraletan joaten garai hartan hasi ginen, eta gaur egun kontsumo-talde bezala jarraitzen du.

Euskal Esnekigileen Elkartearen arabera, EAEko etxe guztietan jaten da gazta, eta hamarretik bederatzik ez du bertakoa aukeratzen.

Lizeaga: Datua entzun nuen eta... Nik hedatuena ardi gazta ikusten dut; behi gazta bigarren plano batean sumatzen dut. Baina harategietan-eta egia da behi gazta asko kontsumitzen dela. Nik uste hor lanketa txiki bat badagoela produktua ezagutarazten, gerturatzen, erakusten...

 

Elkarte beraren arabera, herritarren % 82k adierazi du prest legokeela gehiago ordaintzeko gazta bategatik, baldin eta nola ekoitzi duten ezagutzen badu.

Biek: Egunerokotik urrun ikusten dugu hori.

Lizeaga: Hemen gaude gu, gertu jende pixka bat daukagu, eta... Teoria oso barneratuta daukagu guztiok, baina egunerokoan beste kontsumo eredu batzuetara jotzen dugu azkenean. Iruditzen zait errealitatean ez dela gertatzen. Zentro handietara joatea, erosketak kotxean egitea-eta... Joera hori gailentzen ari dela iruditzen zait.

Jendea kontzientziatuta al dago bertakoa kontsumitzeko?

Egia: Teorian, bai; baina gero... Nik ikusten dut, gainera, teoria horrek lasaitu bezala egin gaituela, eta, agian, pixka bat erosotasunean mantendu. Baina, gero, praktikan ez da nabaritzen; orokorrean, behintzat. Gero badago, baita ere, zure lana balioesten duen jendea.

Lizeaga: Gehiago izango balira... Teorian bai, baina... Nik pentsatu nahi dut aldaketa etorriko dela, gaur egungo eredu horrek gabezia handiak sortuko dituelako aurrera begira. Martxa honetan nolakoa izango da etorkizuneko gizarte hori?

Babesik sentitzen al duzue?

Egia: Babesa ematen digute astero-astero produktuak hartzen dizkigutenek.

Lizeaga: Hori da: gure bezeroek babesten gaituzte. Denda txikiei saltzen dizkiegu, eta baita zuzenean bezeroei ere. Denekin, gutxi-asko, harreman bat ere sortzen da. Elkarlan bat dago, norabide berean mugitzen gara... Eta hor dago babesa. Esan gabe doa, zuzeneko jendea zoragarria dela. Bertakoa babesten dutenak, praktikan, horiek dira.

Lizeaga: Eta horiengatik jarraitzen dugu aurrera ere.

Esneki eta halako azoka bereziek zein eragin dute tokiko ekoizleengan?

Lizeaga: Nik uste halako jaialdiak pixka bat folkloriko bihurtu direla. Jende asko joaten da azoka horietara, eta produktu asko saltzen da. Baina guk behar duguna eguneroko kontsumoa da; edo asterokoa, behintzat. Azokara erosketaren poltsa hartu eta astebururo joaten den bezeroa da beharrezkoa.

Egia: Asteroko azoka horiek indartu beharko lirateke. Ez dakit nola, baina... Gernikan urriko azken astelehenean egiten dutena ere horrela izaten da, festa bat.

Lizeaga: Baserritarrez hitz egiten da halakoetan, baina guk egunerokoan behar dugu jarduna. Mota honetako azokak behar direla? Beharko dira, jakina. Baina beste mota bateko ekimenak edo politikak ere behar dira benetan sustatzeko.

Egia: Funtzio batzuk betetzen dituzte, agian, baina oso zaila da gailentzen ari diren beste ohiturei kontra egitea.

Non dituzue produktuak salgai?

Egia: Supermerkatuetara ez dugu saltzen. Denda zein harategi txikietan eta halakoetan. Jatetxeetara ere saltzen dugu izozkia.

Lizeaga: Nik uste hasieratik oso garbi izan dugun gauza bat dela. Supermerkatu kate pare bat jarri ziren gurekin hasieran harremanetan. Baina oso garbi genuen ezaugarrietako bat zen horietan saltzen hasiz gero itxi egin beharko genuela; sinesten dugulako beste era bateko kontsumo bat egon daitekeela. Denda txikiek ere bizi duten egoera... Ez da batere erraza. Asko ari dira ixten, eta horretan ere kontzientziatuta gaude.

Erlazionatuak

Arrakasta gatzatu nahi

Aitor Arroyo Askarai aza 07 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!