IX. Eltxotraileko irabazleak: Irati Larrañaga eta Amets Aranberri

Ataria 2025eko urriaren 18a

Ibilbide motzeko lasterketan Mattin Intxaurrondo eta Nerea Garcia izan dira garaileak. 200 parte hartzaile inguru izan dira.

Eltxotrail lasterketa egin dute gaur Orendainen. Bederatzigarren edizioa izan da aurtengoa.

Amets Aranberri zestoarrak irabazi du 21 kilometroko lasterketa 1.29.56 denbora eginda. «Indarrean nentorren, baina izterrean molestia batzuekin eta beldur nintzen. Eutsi egin diot eta irabaztea lortu dut», esan du korrikalariak. Lasterketa luzean, laugarren egin du Iker Ormaetxea herriko korrikalariak. Aurretik antolakuntzan aritutakoa da, baina behin ere ez da atera Eltxotrailen. «Lehen aldia izan dut eta oso pozik nago. Ordubete eta 40 minutuko denbora jaisteko helburuarekin atera naiz eta lortu dut». Herenegun karrera markatzen aritu zen Ormaetxea eta ingurunea ezagutzea abantaila izan litekeela aitortu du. Bizkaia aldean egin izan ditu lasterketak, baina urtebete baino ez darama korrika.

7,3 kilometroko ibilbidea egin duten korrikalarien artean izan dira gora-behera batzuk. Lasterketa buruan zihoazen zenbait korrikalarik ibilbidea nahastu dute eta beranduago iritsi dira helmugara. Tartean zen iazko irabazlea Adrian Pajares, aurten 13. tokian sailkatu dena. Gizonezkoen podiuma eskualdeko mutilek osatu dute, Mattin Intxaurrondo berastegiarrak irabazi du eta haren anaia geratu da hirugarren; bigarren tokian sailkatu da Bedaioko Anartz Azpiroz.

Azken orduan eman du izena emakumezkoen lasterketa motza irabazi duen Nerea Garcia donostiarrak. «Egun-pasarako plana egin dut familiarekin, hemen inguruan bazkaldu dugu gero lasterketan parte hartzeko asmoarekin. Ez nituen paraje hauek ezagutzen eta asko gustatu zaizkit. Espero gabe iritsi naiz lehen tokira eta oso pozik nago». Garciaren atzetik sailkatu da Libe Lafuente, iaz ere bigarren egin zuen emakumezkoa eta hirugarren tokian, berriz, Uxue Zuriarrain amezketarra.

Sailkapenak
  • Lasterketa motza (7,3 kilometro)
      • Gizonezkoak
        • 1. Mattin Intxaurrondo (Berastegi) 00.31.45
        • 2. Anartz Azpiroz (Bedaio) 00.32.01
        • 3. Aritz Intxaurrondo (Berastegi) 00.32.04
      • Emakumezkoak
        • 1. Nerea Garcia (Donostia) 00.39.53
        • 2. Libe Lafuente (Astigarraga) 00.40.25
        • 3. Uxue Zuriarrain (Amezketa) 00.41.06
      • Aratz Azpilgain eta Joane Arizmendi izan dira herriko azkarrenak, gizonezko eta emakumezkoetan.
  • Lasterketa luzea (21 kilometro)
      • Gizonezkoak
        • 1. Amets Aranberri (Zestoa) 1.29.56
        • 2. Hodei Lujanbio (Goizueta) 1.31.16
        • 3. Xabat Maiotz (Segura) 1.36.57
      • Emakumezkoak
        • 1. Irati Larrañaga (Usurbil) 1.54.39
        • 2. Irene Iturria (Bidania-Goiatz) 1.57.32
        • 3. Eider Zubeldia (Amezketa) 1.58.50
      • Iker Ormaetxea izan da lehen herritarra helmugan (laugarren egin du sailkapen orokorrean)
      • Lehen beterano gizonezkoa Santi Gonzalez eta lehen beterano emakumezkoa Nerea Amilibia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!