Ia 200 partaide, korrika egiteko zenbait zati dituen lasterketan

Ataria 2025eko urriaren 15a

Oihana Kortazar, iazko edizioan, helmugara lehen postuan iristen. J. M.

Larunbatean izango da IX. Eltxo Trail mendi lasterketa, Orendainen. 120 korrikalari baino gehiago izango dira 7 kilometroko proban; 21 kilometrokoan, berriz, 60 inguru.

Larunbatean egingo da Orendainen IX. Eltxo Trail Mikel Garmendiaren Oroimenezkoa mendi lasterketa. Bi proba izango dira: luzea, 21 kilometrokoa, eta motza, 7 kilometrokoa. Proba luzeko parte hartzaileak 15:30ean irtengo dira herriko plazatik; proba motzekoak, berriz, 16:00retan, leku beretik. Nahi dutenek binaka –bikote mistoa– egiteko aukera izango dute.

Proba luzean, 60 korrikalari izango dira. Garai bateko herri bideetatik igaroko dira parte hartzaileak, horiek mantentzea baita lasterketaren helburua. Orendainen hasi eta amaituko dute ibilbidea, eta tartean, Gaintza eta Baliarrain gurutzatuko dituzte. Ibiur bailaran zehar ibiliko dira, beraz.

Proba motzekoak ere Ibiur inguruan ibiliko dira. Guztira, 120 korrikalari izango dira. Orendaingo zenbait baserri ondotik igaro ondoren, Ibiur urtegira jaitsiko dira, eta handik berriro herriko plazara igo. Oier Ibarbia zizurkildarra antolakuntzako kidea da, eta esan du proba motzak «arrakasta handia» izaten duela urtero: «Dortsalak azkar agortzen dira, eta aurten ere hala gertatu da. Aste honetan, 20-30 dortsal gehiago jarri ditugu eskura».

Ibarbiaren ustez, bi ibilbideek «korrika egiteko zenbait zati» dituzte, Orendain inguruko bideengatik. «Hori da lasterketaren bereizgarrietako bat. Urria bitarte, mendi lasterketez beteta egon ohi da egutegia, eta garai honetan, korrikalarien artean ohikoa da mendiko lasterketetatik errepidekoetara igarotzea. Gurea ez da mendi lasterketa bat, ezta errepideko proba bat ere, eta horregatik du trail izena», azaldu du.

Aurrez, 14:50 aldera, 2 urtetik 14 urtera bitarteko haurren hiru lasterketa izango dira. 300, 600 eta 1.200 metroko luzera izango dute ibilbideek, eta herrigune inguruan ariko dira lasterka. «Familientzat Orendainera etortzeko aukera ezin hobea da».

Mendi lasterketen aurreko egunetan, eguraldi iragarpenari begira egoten dira antolatzaileak eta korrikalariak. Oraingoz, behintzat, ez dirudi larunbatean euria egingo duenik. «Bestela, frontoian egin behar izaten dugu sari banaketa, eta, berez, plazan toki ederra daukagu». Lasterketak amaitu ondoren giro «oso polita» izaten dela nabarmendu du antolatzaileak. Aurten ere, jan-edana aukeran izango dute korrikalariek, eta lasterketak ikustera joaten direnek.

Ibarbiak aitortu du «polita bezain lanpetua» izaten dela lasterketaren astea. «Herri guztia aritzen da lanean buru-belarri, bestela ezingo genukeen ekitaldia aurrera atera». Halaber, esan du «zorte handia» dutela, boluntario sarea «oso ona» delako. «Dagoeneko bakoitzak ondo dakizki zeintzuk diren egin beharreko lanak». Hala ere, azken hilabeteetan, uste baino egiteko gehiago izan dituztela azaldu du zizurkildarrak: «ekaineko euriteak kalte ugari eragin zituen Ibiur inguruko bideetan, eta lan handia egin behar izan dugu haiek garbitzen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!