Patxi Plazaola, mendi bizikletan munduko onenen artean

Ataria 2025eko irailaren 18a

Patxi Plazaola, mendi bizikletako maratoi modalitateko Suitzako Txapelketan parte hartzen.

Patxi Plazaola orendaindarrak maratoi modalitateko mendi bizikletako Munduko Txapelketan parte hartu du. Aurtengoa Suitzan egin zen, irailaren 6an, Grand Raid BCVS proba entzutetsuan.

Mendi bizikletako munduko probarik zaharrenetakoa da Grand Raid BCVS lasterketa, eta aurtengoa 36. edizioa izan du. Probak suitzar Alpeetako Verbier eta Grimmenz herriak lotzen ditu, 125 kilometro eta 5.025 metro positiboko ibilbidearekin. Urteetan zehar oso ezaguna egin da ibilbidearen amaieran igotzen den ia 2.800 metroko garaiera duen Pas de Lona mendatea. Bere amaieran bizikleta bultzatuz edo bizkarrean harturik 20 bat minutuko saioa egin beharra izaten da gaina zapaltzea lortzeko. Bertan elkartzen diren zaletuek sortzen duten giroa ikustekoa da.

2025. urte honetan proba horrek hartu zuen maratoi modalitateko mendi bizikletako munduko txapelketa. Bertan elkartu ziren espezialitate horretako txirrindulari onenak, eta baita beste espezialitateren batekoak ere. Euren selekzioetako koloreak defendituz atera ziren, eta gainontzeko txirrindulariak open mailan atera ahal izan zuten. 

Hain justu, Plazaola open modalitatean irten zen: «Profesionalekin irteteko selekzionatzaileak hautatua izan behar zara, eta kasu gehienetan 3-4 txirrindulari bakarrik izaten dira selekzioko. Ni open mailan irten nintzen, igandezaleen mailan, nire mailan (kar, kar)».

Eginiko karrerarekin gustura geratu dela esan du Plazaolak: «Azkena irten nintzen, 10 minutu falta zirenean elikagaiak hartzea ahaztu zitzaidala konturatu eta ziztu batean kotxera joan behar izan bainuen. Ozta-ozta iritsi nintzen irteerara. Hori dela eta, lehen metroetan aurrera pasatzeko esfortzu handia egitea tokatu zitzaidan, eta tropelean bilatzen nituen zulo guztiak baliatzen saiatu nintzen. Erritmo bizi baina zentzuzkoa jarri nion neure buruari eta horrela joan nintzen proba guztian zehar, jendea pasa eta pasa».

Jaitsiera batzuetan tapoiak aurkitu zituen harrapatzen zituen txirrindulariengatik. «Azkena ateratzeaz gain, hurrenez hurren, gure mailakoak baino 5 eta 10 minutu lehenago ateratako profesional mailako emakume eta gizonezkoren bat harrapatzen joan nintzen. Lasterketa amaieran erritmoari eusteko gai izango ote nintzen zalantzak neuzkan, baina indarrak ondo neurtu nituen». Ura hartzen bi aldiz soilik geratu zen, eta Pas de Lona gaindituriko momentuan karranpak jasan zituen. «Dena dela, eutsi nion, eta helmugara osorik iristea lortu nuen».

 

Zazpi ordu eta bi minutuko denborarekin, garailearengandik ordu betera sailkatu zen, 72. postuan, eta open mailakoen artean laugarrena. «Gustura nago emaitzarekin, nahiz eta ez nintzen emaitza jakin baten bila atera. Pena pixka bat eman zidan zazpi ordutik ez jaisteak, gertu ikusten nuenean helburu hori jarri bainuen», esan du Plazaolak. Proba gogorra izan arren berriz itzultzeko asmoa duela esan du: «Proba oso polita izan da, ibilbide zoragarria eta giro onekoa. Gainera, helmugan gurpilak balazta ukitzen zuela ikusirik, hurrengo urtean zazpi ordutik jaisteko helburuarekin itzultzeko gogoa sortu zait».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!