Orendaingo jaiak 2025

Haritz Artano eta Maider Unanue izan dira azkarrenak Orendainen

Ataria 2025eko abuztuaren 16a

Orendaingo festen barruan, XXXI. Txirrindulari Lasterketa egin dute, eta lehen herritarrak Patxi Plazaola eta Joane Arizmendi izan dira. Aurretik, haurren lasterketak egin dituzte.

Orain arteko parte hartze handiena izan du Orendaingo Txirrindulari Lasterketak. Aurtengoan 31. urtea bete du eta 27 parte hartzailek egin dute Alegiatik Orendainerako bidea. Gizonezkoetan Haritz Artano alegiarrak irabazi du (12.59) esprintean Patxi Plazaola orendaindarrari irabaziz (13.01). Emakumezkoetan Maider Unanue aramarra (19.06) izan da lehenengoa, eta Joane Arizmendi (22.15) izan da lehen orendaindarra.

Artanok azaldu duenez, «azkar samar hasi gara eta erasoka hasi gara, eta bi geratu gara aurrean. Banekien esprintean iritsiz gero, aukerak izango nituela, eta azkenera arte iristen saiatu naiz». Lehenengo aldia izan da irabazi duena eta oso gustura geratu da lortutako txapelarekin. Bere aldetik, Plazaola saiatu da alde egiten, baina ez du lortu. «Erdi parean ihes egiten saiatu naiz, baina gurpilean erraz samar sartu da Artano. Beste hiru edo lau aldiz saiatu naiz alde egiten, baina ez da posible izan. Orendainen xarma beste igoera batzuekin alderatuta estrategia da, ez baita aldapa oso pikoa. Azkenean esprintera iritsi gara eta azkarrenak irabazi du».

Unanue ez da atera irabazteko asmoz: «Atzo Baliarrainen atera ginen, aitak ohitura duelako ateratzeko, eta urtero saiatzen naiz egoten, eta atzo arratsaldean bertan erabaki genuen etortzea. Ez nuen lasterketa ezagutzen». Ez zuen behin ere bizikletaz igo aldapa, eta erritmo bat hartu du eta irabazteko aukera izan du: «Azkenean, oso gustura txapela irabazita». Arizmendi lehenengo herritarra izan da, eta baita Orendaingo parte hartzaile bakarra emakumezkoetan. «Presiorik gabe ater naiz. Gainera. kutsu herrikoia jarri behar zaio eta horregatik animatu naiz. Nahiz eta bizikleta gutxi erabili azken urtean, animatu naiz. Oso gustura ibili naiz; atzo gauean beste herritar batekin batera animatu ginen parte hartzera eta batera egin dugu».

Helduen lasterketaren aurretik, hiru lasterketa egin dira. 2009an eta ondoren jaiotako haurrek parte hartu dute, adin tarteak zehaztuta, eta guztira 26 parte hartzaile izan dira.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!