Orendaingo jaiak 2025

Hiru eguneko jai egitaraua abiatu dute Orendainen

Ataria 2025eko abuztuaren 14a

Udaleko idazkari Nekane Lopetegik bota du txupinazoa, goizean Baliarrainen egin bezala. Txupinazoaren ondoren, herritarren arteko herri kirol saioa izan da.

Nekane Lopetegik urteak eman ditu udal idazkari lanetan eta orendaindarrek urteotan egin duen lana eskertu nahi izan diote. Txupinazoa botatzeko eginkizuna izan du laster erretiroa hartuko duen langileak.

Udal zinegotziek aitortu dute gertu sentitu izan dutela beti Lopetegi. "Herri txikietako beharrak eta indarguneak ikusteko abilezia izugarria duzu, baita ideia berriak ekartzeko ere. Uste dugu idazkaria baino askoz gehiago zarela. Eskerrik asko bihotz-bihotzez egin duzun lan guztiagatik". Herriaren izenean opariak ere eman dizkiote idazkariari eta bertso bat ere kantatu diote. 

Lopetegik eskertuta jaso du aitortza. "Elkarrekin lan egitera behartuta gaude herri txikiek biziraun dezaten. Herri txikiak dira gure altxor guztien gordelekua. Zaindu beraz gure altxor guztiak, euskaratik hasita, ingurunea eta paisaiatik jarraituta". 36 urtetan aritu da lanean Lopetegi Orendainen, Baliarrainen eta Abaltzisketan eta gustura aritu dela esan du. 

Suziria bota ondoren herri kirol saioa izan da eta horrekin eman zaio hasiera jai egitarau ofizialari. Larunbatera arte segiko du festak Orendainen.

Egitaraua

  • 19:00. Ilargi txaranga.
  • 21:00. Saiheski jatea.
  • 23:00. Muxutruk taldearen erromeria. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!