Patxi Plazaola seigarren, «munduko proba zailenean»

Ataria 2025eko uztailaren 17a

Txirrindulari orendaindarrak bigarren aldiz parte hartu du frantziar alpeetako MB Race lasterketan; 2019ko postua hobetu du, eta aitortu du emaitza «espero baino hobea» dela.

Gaur egun Suitzan bizi den Patxi Plazaola Esnaola txirrindulari orendaindarrak Alpeetan, Mont Blancetik gertu dagoen Megeve herrian (Frantzia), antolatzen duten MB Race txirrindulari proban parte hartu zuen uztailaren 6an. Antolatzaileen esanetan, «munduko lasterketarik zailena» da, eta Plazaolak bigarren aldiz parte hartu du; 2019an egin zuen debuta lasterketan. «Beti izan dut itzultzeko gogoa, baina urtero zerbait suertatu izan zait, eta ezin izan dut joan».

140 kilometroko luzera eta 6.350 metroko desnibel positibo metatua zituen probak, eta seigarren postuan helmugaratu zen orendaindarra. Lasterketa «lasaia» eta «ezustekorik gabea» izan zela azaldu du. «Neure buruari erritmo polita eta eramangarria jarriz hasi nintzen. Eroso nindoan, gustura, eta jaitsieratan oso erraz. Teknikoki duela sei urte baino hobea naizela esango nuke». Plazaolak aitortu du 100. kilometroa pasatzean, eguerdi aldeko beroa estutzen hasi zela eta hanketan nekea nabariagoa zela. «Azken 40 kilometroak apur bat luzeak egin zitzaizkidan, baina ez nintzen guztiz lehertu eta ez nuen krisialdirik igaro. Oso ondo neurtu nituen indarrak, eta osorik iritsi nintzen helmugara».

Emaitzari erreparatuta, hobekuntzarako tartea duela esan du Plazaolak. «2019an 18 minutu gehiago behar izan nituen proba burutzeko, baina orduan zulatu batekin sei kilometroko jaitsiera egin nuen; ibilbideak, gainera, 500 metro gehiagoko desnibela zuen. Orduan, anaiak eta lagun batek lagundu ninduten, baina aurten bakarrik joan nintzen. Ondorioz, sei bat anoa-gunetan geratu nintzen, bereziki, ura hartzera. Geldialdi hauetan, laguntzaile bat zutenekin alderatuta, zenbait minutuko galera pilatu nuen». Beste ezaugarri bat ere gehitu du: «Proba guztien irteera bateratua izaten denez, eta ibilbidea partekatzen denez, lasterketan zehar ez daukazu erreferentziarik».

Dena den, Plazaola «gustura» dago emaitzarekin eta «posible» ikusten du beste urte batean proban berriro parte hartzea. «Espero baino denbora hobea egin dut eta uste baino aurrerago helmugaratu naiz, banekielako ez nintzela iristen sasoi oso onean. Helmugara iristean ez zegoen sailkapenik, eta bozgorailuetatik lehen hamarren artean sailkatu nintzela entzutean harritu egin nintzen. Asko gozatu nuen egunaz, lasterketa oso polita delako. Nahiz eta proba gogorra izan, paisaia zoragarriak ditu ibilbide guztian zehar. Oroitzapen onak ditut».

Sei urtetan lasterketa aldatu dela nabarmendu du Plazaolak: «Ezagun egin da, eta asko hazi da. Orain, bi proba gehiago ditu: 70 eta 100 kilometrokoak. Azken bi urteetan, maratoi modalitateko Frantziako Txapelketa jokatu da 70 kilometrokoan. Hori dela eta, parte hartzea ere handituz doa».

Argazkiak: MB Race

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!