Euskaraldia 2025

Elkar mugituz egin dute, Orendainen

Ataria 2025eko maiatzaren 24a

Euskaraldiren leloarekin bat eginez, «elkar mugituz egin» dute Orendainen. Hau da, herria elkartu eta festa giroan Udaberri Festa ospatzeaz gainera, Euskaraldiari ere keinua egin diote.

Herri bazkaria izan dute aurrena, eta orduan Euskaraldia Hika ekimenean parte hartzeko aukera izan dute herritarrek. Arratsaldean, eguraldi ederra baliatuta, udaletxe aurreko belardia hitz egiteko, festarako, poteorako eta umeen jolaserako gune bihurtu da. Umeak adinka banatuta, helduek proposatutako jolasetan ibili dira. Esaterako, hanketan loturik zeramaten globoak elkarri lehertzen aritu dira.

Gazteek txosna jarrita zuten, eta Orendainera pitxien postuak ere iritsi dira, barrakazaleen eskutik.

Festak iluntzera arte ez du atsedenik hartuko. Izan ere, Burrunbazale txaranga herrian barrena ibiltzeaz gainera, euskal garagardoa eta hanburgesak izango dituzte afaltzeko, eta azkenik, Kilimak eta DJ Txekor-en musika.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!