Larunbatean, maiatzaren 24an, ospatuko dute Orendainen Udaberri Festa. la hamabost urtez txosnan aritu diren herritarrek erreleboa emango diete gazteei eta «herriak emandako berotasuna» eskertzeko egun osoko festa antolatu dute herriko gazte taldearen eta Orendaingo Udalaren laguntzarekin.
«Herri txikia garenez, ezin dugu oso publiko zehatz bati bideratu egitaraua eta, beraz, denetik izango du», horrela hitz egin du Irati Esteban antolakuntzako kideak egitarauaren inguruan. Aurrerantzean parte hartzeari utziko diotenek izena ere jarri diote euren buruari: Txoznero jubilatuak.
Egitarau betea
Hain zuzen helburu hori erdiesteko, denetariko jarduerak prestatu dituzte, horien artean, herri bazkaria, umeentzako jolasak, gazteentzako zein helduentzako talde jokoak, eta Burrunbazale txaranga.
Horrez gain, festa luzatu nahi dutenek ere izango dute horretarako aukera, iluntzean hanburgesak eta zerbeza izango baitituzte Tolosako Iparra tabernak jarriko duen postuaren eskutik, 22:30etik aurrera zuzenean ariko baita Kilimak musika taldea eta, ondoren, DJ Txekor musikariak girotuko baitu gaua.
Erreleborako gako
Hamabost urte inguruz hainbat herritarrek kudeatu dute Orendaingo txosna, eta jaialdia gazteei «erreleboa emateko» tresna eta ospakizuna dela aipatu du Estebanek: «Herriak beti babestu du txosna, eta eskertza moduan ere egin nahi genuen zerbait. Gazteek eskatu zuten parte hartzea eta haiekin elkarlanean, eta erreleboa emateko antolatu dugu festa».
Aurrera begira berriro egingo ote duten edo ez, oraindik, ez dute argitu: «Izena berariaz jarri diogu Udaberri Festa, ez dadin erabat lotuta geratu erreleboa emateari. Hemendik aurrera berriro egin edo ez ikusiko dute, baina atea irekita geratzen da».
Eta zailtasunei dagokienez, berriz, «den-dena» euren kabuz antolatu dutela nabarmendu dute: «Herriko gazteek eta udalak lagundu gaituzte, baina herri txikietako ezaugarri bereizgarria da dena gerorrek egin behar dugula; ez daukagu baliabide handirik-eta».
Azkenik, gehitu dute herri txikia izanda ere, «handira jo» dutela eta festa «denentzat» antolatu dutela; zentzu horretan, inguruko herrietako bizilagunak ere gonbidatu dituzte.