Asteko azken egunean egingo dute Orendainen Artisau Azoka. Aurtengoa antolatzen den hirugarren aldia da eta, guztira, 30 postu bilduko dituzte. Merkatua 10:00etatik 14:00etara izango da, Urritzondo pilotalekuan.
Jone Tolosa zinegotziak aitortu du «zailtasun nagusia»postuak aukeratzea izan dela: «Deialdia zabaldu eta 60 eskaera jaso genituen. Frontoian erabilgarri dugun espazioagatik, 30 postu baino gehiago ezin ditugu jarri».
Aukeratu beharra
Deialdiaren erantzuna ikusita, postuak aukeratzeko kontuan hiru irizpide hartu dituztela azaldu du Tolosak. Batetik, hizkuntza: egunean bertan herritarren eta artisauen arteko harremana «ahalik eta euskaldunena» izan dadin, gutxienez, euskara ulertzeko gai direnak aukeratu dituzte. Bestetik, gertutasuna: Tolosaldekoa edo ingurukoa izatea balioetsi dute, eta baita azokako jarduna bizibide duten edo ez. Eta, azkenik, aniztasuna: azokan mota guztietako produktuak egon daitezen.
Azokako nobedadeak
Hori horrela, igandean denetariko eskaintza izango da Orendainen, besteak beste, egurrezko produktuak, larruzko poltsak, belarritakoak, jakiak, oihalezko materiala, beirarekin egindako tresnak...
Postuak ez dira, ordea, eskaintza bakarra izango. Haurrentzat ere antolatu dute, gutxienez, jarduera bat: 10:00etatik 11:30era eskuz mahai jolas bat egingo du parte hartzaile bakoitzak, eta baita hura gordetzeko kutxa bat ere. Horrez gain, azokaren bukaeran merkatuko produktuez osatutako saski bat ere zozkatuko dute. Erosketa bat egitean txartel bat jasoko du bezeroak, eta zozketan partea hartzeko bertan datuak adierazi eta kutxa batean sartu beharko du.
Aparteko postuak
Lehen aipatutako 30 postu horietatik bost Orendaingoak izango dira: Larreta esnekiak, Zelaieta gaztak, Agerre eztia, Izpiliku xaboiak, eta gazte lokalekoek ere jarriko dute postu bat jaki gozoekin.
Bada, horrez gain, Euskaraldiko batzordeak ere jarriko du gune bat, non informazioa eskuragarri jartzeaz gain, zabalik izango duten izena emateko aukera eta, salgai, banderatxoak. Hori gutxi ez, eta beste nobedade bat ere izango dute aurten: merkatuan postua jarriko dute Ataungo talogileek.