Bidearte baserria taldea izan da irabazlea

Ataria 2025eko urtarrilaren 20a

Herri kirol erronka egin dute herritarren artean, hiru taldetan banatuta. Bidearte baserriak lortu du lehen postua, bigarren Eltxo zaharrak izan dira eta hirugarren Eltxo gazteak.

Ikusmina sortu du herri kirol probak, eta jendeak bete egin zuen larunbatean Orendaingo Urritzondo pilotalekua. «Ez dut uste beste ekitaldiren batean hainbeste jende egon zenik», esan du Migel Angel Arsuagak, Eltxo zaharrak taldeko kideak. Proba bera emozio handikoa izan zen, azken unera arte ez baitzen erabaki bukaerako sailkapena. Bidearte baserria taldekoak nagusi izan ziren, bigarrenari minutu eta segundo batzuetako aldea atereaz. Bigarren postu hori oso borrokatua izan zen eta azkenean Eltxo zaharrak taldeak eraman zuen, Eltxo gazteak taldeari zortzi segundoko tartea kenduz.

«Oso polita izan zen, emozio handikoa, eta gazteei irabaztea lortu genuen gainera», esan du Arsuagak. Aspaldian ez zen bertakoek parte hartzen zuten herri kirol probarik egiten herrian. «Lehen guk antolatu eta parte hartzen genuen, eta gazteei esan genien ea ez ziren animatuko zerbait egitera. Horrela sortu zen larunbateko ekitaldia», azaldu du Arsuagak. Herri kirol proba bukatu eta gero, afaria egin zuten herriko Eltxo elkartean eta 70 pertsona inguru elkartu ziren. Bertan, Eltxo zaharrak taldekoek aprobetxatu zuten gazteei zirikatzeko. «Orain beraien esku dago noiz egin nahi duten hurrengo erronka», gehitu du Arsuagak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!