Parkearen izena datorren aste hasieran bozkatuko ahal izango dute herritarrek

Ataria 2024ko abe. 2a, 15:43

Joan den maiatzean berritu zituzten frontoia, jolastokia eta ingurua. Parkearen izenak proposatzeko tartea izan dute herritarrek eta, datorren aste hasieran, hiru aukeretatik bat bozkatu beharko dute.

Maiatzean amaitu ziren frontoia, jolaslekua eta ingurua berritzeko lanak eta espazioa inauguratu bazen ere, izena falta du, oraindik, jolastokiak. Orendaindarrek izenak proposatzeko denbora izan dute eta, horietatik, hiru aukeratu ditu udalak —egokienak iruditu zaizkionak—: Damasoro parkea, Astigar parkea eta Intxaurralde parkea.

Abenduaren 9tik 11era (datorren asteko astelehenetik asteazkenera) bozkatu ahal izango dute herritarrek gehien atsegin duten izena.

Bozka eman ahal izango dute herrian bizi edo erroldatuta dauden eta 16 urtetik gora dituzten herritarrek. Eta bi bide izango dituzte horretarako:

  • Online galdetegia beteta: helbide elektronikoz eta udalaren Whatsapp-eko hedapen zerrenda bidez zabalduko dute galdetegia.
  • Udaletxean: aurrez aurre bulegoan edo papera buzoian utzita (paperak udaletxean edo kultur etxeko sarreran egongo dira eskuragarri).

Izenen jatorria
Udalak aukeratutako proposamen bakoitzak azalpen bat du atzean, eta hori ere iragarri du Orendaingo Udalak.

  • Astigar parkea.
    • «Jolasteko nahiko asti».
  • Damasoro parkea.
    • «Euskal mitologiako Mari jainkosak Aralar badu bizitoki, horregatik deitzen zaio “Aralarko Dama” ere. Orendainek Aralarko ikuspegi paregabea duenez, eta bestetik parkeko inguru horretan soroak daudenez (Sorabillak, Kalesoro), bien elkarketa da proposamena. Marik euskal mitologiako pertsonaia nagusia izateaz gain, emakumeen garrantzia eta naturaren zaintza irudika dezake; iraganekoa bezain berria da, gainera, Zetak taldeak bai baitu “Aralarko dama”(Zetak, 2023) kantua ere».
  • Intxaurralde parkea.
    • «Badira urte batzuk Orendaingo zelai horiek intxaurrez beteta zeudelarik. Beranduago, intxaurrondoak kendu eta zelaiak sortu ziren. Urritzondo frontoia izenak dioen bezala, honek ere, intxaurrondoak omenduz hartzen du izen hau».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!