Beste behin Eltxotrail arrakastatsua bizituko dute larunbatean. Bi mendi lasterketa dituzte prestatuta, 7,3 kilometrokoa eta 21 kilometrokoa, eta biak bete egin dira. Xabi Lekue antolakuntza taldeko kideak azaldu duenez, «azken urteetan konturatzen ari gara lasterketa motzak arrakasta handiagoa duela luzeak baino. Lehenago bete da motza, eta azkenean luzea ere bete da. Beraz, oso pozik».
Aurtengoan zortzigarren aldia izango du Orendaingo mendi lasterketak. Larunbatean, 15:30ean hasiko da proba luzea eta 16:00etan motza. Lasterketa bakoitzean ehun lasterkariren muga jarrita dute. «Herri txiki bezala ez gaude prest kopuru horiek baino gehiago jasotzeko, aparkalekua dela, jendearentzako tokia dela... Kopuru horietan geratzea erabaki genuen eta hor mantentzen gara», esan du Lekuek.
Ibilbide motzaren ibilbidea Ibiur urtegira jaisten da eta gero gora egiten du, Orendainera itzultzeko. «Motza nahiko lasai hasten da, eta gero Ibiur urtegira jaitsi ondoren, Orendaingo igoera gogorra egin beharko dute korrikalariek», esan du Lekuek. «Luzearen lehen kilometroak motzaren berdinak dira, eta gero Ibiur urtegitik Gaintza aldera igotzen da, gero Baliarrainera iristen da, eta bukatzeko Orendaingo igoera gogorra dute». Hain justu, ibilbide luzearen azken zatian, 1,7 kilometroko igoera pikoan, denbora hartzen da eta hor sari berezi bat izaten da lehenengoarentzat: urdaiazpikoa. «Lehia estua izaten da hor korrikalarien artean», esan du Lekuek. «Igoera gogorra da, eta gainera korrikalariak ukituta iristen dira zati horretara». Orendainera iristeko esfortzu handia egin beharko dute mendi lasterkariek, baina gero merienda oparoa izango dute.
Gaztetxoentzat ere badaude lasterketak. 15:00ak aldera hasita, hiru lasterketa izango dira, herrian, eta aurretik bertan izena eman ahalko da. «Giro polita sortzen da eta denentzako tokia izaten da», azaldu du Lekuek.