Orendaingo Udalak zabaldu du epea ikastaroetan eta zerbitzuetan izena emateko

Ataria 2024ko irailaren 5a

Jarduera guztiak euskaraz izango dira eta martxan jartzeko, gutxienez, bost laguneko taldea osatu beharko da.

Dagoeneko eman daiteke izena Orendaingo Udalaren ikastaroetan eta zerbitzuetan. Jarduera guztiak euskaraz egingo dituzte eta aurrera ateratzeko, gutxienez, bost pertsona elkartuko beharko dira talde bakoitzean. Izena emateko orria bete eta udaletxean aurkeztu behar da, eta irailaren 18a baino lehenago egin beharko da hori.

Denetariko eskaintza bildu dute ikastaroetan, besteak beste, yoga eta hipopresiboak, ariketa fisikoa, joskintza eta hizkuntzen ikastaroak. Zerbitzuetan, berriz, herritarrek aukeran izango dituzte ludoteka, adinekoen topalekua, haurrentzako eta gurasoentzako lokala eta gazteen lokala.

Jarduera bakoitzari buruzko informazio osagarria eskuragarri dago Orendaingo Udalaren web orrialdean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!