Orendaingo jaiak 2024

«Elkarteak herriari bizi handia ematen diolako hautatu gaituzte»

Endika Apalategi Labayen 2024ko abu. 11a, 11:59

Iñigo Artutxa Orendaingo Eltxo elkartean. E.A.

Andra Mari eguna tartean dutela, abuztuaren 14tik 16ra ospatuko dituzte festak Orendainen. Aurten, Orendaingo Eltxo elkarteak jaurtiko du jaiei hasiera emango dien txupinazoa. Iñigo Artutxa Eltxo elkarteko kidea da.

Orendaingo herriaren pizgarrietako bat izateagatik, eta 1978. urtetik hasita egindako lan guztiagatik festatako suziria jaurtitzeko ohorea izango dute Eltxo elkartekoek.

Txupinazoa jaurtitzeko berria nola jaso zenuten? Eta nola hartu zenuten albistea?

Ostatu kanpoan eserita nengoela, Itziar Claver festa batzordeko kidea etorri zitzaidan aurtengo Andra Mari jaietako txupinazoa guk jaurtiko genuela esanez. Niretzat ustekabe izugarria izan zen berri hori jasotzea, eta elkarteko beste kideek ere pozez jaso zuten albistea.

Egun horretan zein izango da zuen egitekoa?

Jakinarazi digutenez, egunean bertan izango dugun egiteko bakarra txupinazoa jaurtitzea izango da. Oraindik ordea, erabakitzeko daukagu zeintzuk arduratuko diren Eltxo elkartearen izenean suziria jaurtitzeaz. Horretaz gain, abuztuaren 14an egingo den saiheski jatean zerbitzatzea, abuztuaren 15eko sagardo dastaketan pintxoak prestatzea, eta azken egunean Eltxo elkartean egingo den herri bazkaria prestatzea eta zerbitzatzea izango da gure jaietako egitekoa.

Zer dela eta hautatu zaituzte zuek?

Esan genezake, elkarteak herriari bizi handia ematen diolako hautatu gaituztela. Nire iritziz, Eltxo elkarteak Orendaingo herriarentzat egiten duen lana ezinbestekoa da, eta horrelako herri txikietan giroa sortu ahal izateko, nahitaezkoa da gu bezalako elkarteek ekimen berriak sortzea eta lanerako gogoa izatea.

Nolatan sortu zen Eltxo elkartea?

1978. urtean, Orendaingo herriak kultura eta kirol alorrean zituen beharrei erantzun bat eman ahal izateko sortu zen elkartea, hasiera batean. Ondoren ordea, elkarte gastronomikoa bilakatu zen, eta gaur egun, herrian egiten diren ekintza askotan, San Sebastian egunean, festetan, edo Eltxo Trail mendi lasterketan, herritarrei zerbitzua eskaintzen diegu. Azken finean, herrian ekintzaren bat egiten denean, gu arduratzen gara herrira hurbiltzen diren denei zerbitzu bat emateaz.

Zenbat kidek osatzen duzue Eltxo elkartea gaur egun?

Kopuru zehatza zein den ez dakit, baina gaur egun, Eltxo elkarteko kide ehun bat pertsona inguru garela esango nuke. Azpimarratzekoa da bazkideen kopuru handi bat Orendaindik kanpo bizi diren pertsonak direla.

Eta aurrera begira zein dira zuen asmoak?

25 urtez azpiko gazte gutxi dira elkarteko kide direnak, eta gustatuko litzaiguke datozen urteetan herriko gazteak bazkide izateko nahiarekin hurbiltzea guregana. Bestalde, 1978. urtetik gaur egun arte egin dugun lan guztiari jarraipena ematea da gure asmoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!