Larunbatean zabalduko dituzte Orendainen parke eta eremu berrituak. Irekitzeko ekitaldian aurreskua dantzatuko dute herriko zenbait haurrek; hitz batzuk esango dituzte udaleko ordezkariek eta, jarraian, zinta moztu eta parkeari emango diote «protagonismo» guztia. Aipatutako jarduerez gain, merienda jarriko dute umeentzat eta afaldu ere bertan egingo dute. Janaria norberak eraman beharko du, eta Orendaingo Udala arduratuko da edariaz.
Joan den urteko irailean hasi zituzten frontoia, parkea eta ingurua eraberritzeko lanak. Jone Tolosa zinegotziak nabarmendu du ez dutela «soilik umeentzat» egokitu espazioa: «Haurrak, helduak, gazteak, adinekoak... Denek euren lekua izango zuten leku bat egokitu nahi izan dugu».
Eremuaren berrikuntzak
Ez frontoia eta parkea bakarrik, ingurua ere egokitu dute. Izan ere, begiratokia osatzeko baliatu dituzte lanak eta bi mahai, belarrezko guneak eta bankuak ere jarri dituzte.
Aipatutakoaz gain, «jolas eremu naturala» ere eraiki dute eta, besteak beste, salto egiteko gune bat, txirrista bat eta eskalatzeko zenbait eremu jarri dituzte. Tolosak azaldu du «material naturalak» erabiltzeari eman dietela garrantzia: «Egurra, harria, belarra... Material naturalak izan behar zuten. Paisaian integratzeko beharrezkoak dira eta umeentzat ere oso atseginak dira». Horrez gain, herrian «ohiko» beste parke bat ere badela ekarri du gogora.
Orain arteko frontoia, berriz, ez da gehiago «erabat» pilotalekua izango. Txapa utzi dute frontisean, baina gainerako ezaugarriak kendu dituzte. Herrian badute beste pilotaleku bat ere eta, hori kontuan hartuta, «beste nolabait» erabili nahi dute espazioa.Tolosak azaldu du herritarrei proposamenak egiteko aukera zabalduko dietela, eta «aurrerago» hornituko dutela «bestelako materialez».
Lanen nondik norakoak
Frontoia, parkea eta ingurua berritzeko lanek, guztira, 100.000 euroko kostua izan dute eta hori finantzatzeko 40.000 euroko dirulaguntza jaso du Orendaingo Udalak. Parkea berritzeaz Kimubat enpresa arduratu da, eta Zubi enpresak egin ditu frontoia egokitzeko lanak.
Parkea berritzeko ideia 2022ko herri batzarrean aurkeztu zien udalak orendaindarrei. Herritarrek proposatu zuten gunea ez izatea «haurrei zuzendutako» parke bat bakarrik, eta horrela erabaki zuten «atsedenerako zein modu askotan erabiltzeko» gunea egitea. Tolosa zinegotziak aipatu du herritarrek «ilusioz» hartu dutela parke berria, eta «balio erantsi moduko bat» ematen diola herriari.