Orendaingo azoka, etxekoen erakusleihoa

Leyre Carrasco 2024ko api. 22a, 19:59

Igandean, bigarren aldiz ospatu zuten azoka Orendainen, eta guztira, 33 postu jarri zituzten Urritzondo pilotalekuan. Horietatik bost etxekoak izan ziren; Izpiliku kosmetikarena, Zelaieta gaztena eta joskintza tailerrekoena izan ziren tartean, besteak beste.

«Herrikoa izan arren, herritar askok ez dakite xaboiak egiten ditudala», esan du Naiara Lizarribar Izpiliku kosmetikako arduradunak. Azokaz azoka ibiltzen da Lizarribar, bere produktuak eskualdeko zein Euskal Herriko txoko ezberdinetan zabaltzen. Azokak erakusleihoak direla dio, «egiten dugun lana zabaltzeko, eta Orendain mapan kokatzeko aukera ere da».

Lizarribarrek bigarren aldia du Orendaingo azokan, eta «ilusio handiarekin» parte hartu du aurtengoan ere. «Jendeari kosta egin zaio lehen orduetan azokara gerturatzea, baina ondoren, herritar asko etorri dira eta goiza ondo joan da. Botoa eman behar zela aprobetxatuz herritar ugari etorri da, baita inguruko jendea ere», adierazi du.

Zelaieta gaztak, ordea, ez du ohitura handirik izaten azokaz azoka aritzeko. Azoka etxean ospatzen denean, aldiz, ez du hutsik egiten, eta iaz bezala, aurten ere gustura egon dela adierazi du Maider Murua arduradunak. «Goiza ondo joan da eta etorri diren herritar guztiak zerbait erosi dute».

Zelaietako produktuak, normalean, etxetik edo komertzioetan saltzen dira. Azoka, berriz, horiek saltzeko modu ere dela esan du arduradunak, «baita jendeak gure lana ezagutzeko eta gertukotasun bat emateko ere». Murua baloratuta sentitzen da, «herriak gu bezalako ekoizleekin kontatzen dutela eta herritarrek ere gure lana baloratzen dutela ikusten delako, eta horrek poza handia ematen dit».

Ikasitakoa erakutsiz

Astean behin elkartzeko ohitura izaten dute Orendaingo joskintza tailerrekoek. Gertru Aldalurrek gidatzen ditu saioak eta «ilusioarekin» jarri dute aurten, lehen aldiz, postua azokan. «Herritarrak interesatu egin ziren eta ilusio handiarekin erabaki genuen postua azokan jartzea eta esperientzia oso polita izan da».

Beraiek, ordea, ez zuten ezer saldu, postua osatutako lanen erakusleihoa baino ez zen izan. «Azokek horretarako aukera ere ematen dute eta guk egiten ditugun lanak erakutsi nahi izan ditugu», esan du irakasleak. «Kotoia asko erabiltzen dugu eta kakorratza edo gurutze-puntua bezalako tekniken bidez produktu desberdinak sortzen ditugu», azaldu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!