Arrakastaz ospatu dute bigarren azoka Orendainen

Leyre Carrasco 2024ko api. 21a, 14:42

Azoka eguna izan dute Orendainen, eta guztira, 33 postu jarri dituzte Urritzondo pilotalekuan; horietatik hamazazpi eskualdeko ekoizle eta artisauak izan dira.

Urritzondo pilotalekua postuz bete da goizean. Izan ere, bigarrengoz, azoka ospatu dute Orendainen. Jone Tolosa eta Iker Ormaetxea kultur zinegotziek azaldu bezala, aurtengoak ere «arrakasta handia» izan du. «Kezka genuen hauteskundeak izanda eragina izango ote zuen, baina badirudi ezetz. Iaz jende asko izan genuen eta aurten ere pareko ibili gara».

Guztira, 33 postu izan dira aurtengoan, iazko edizioan baino lau postu gehiago. Zinegotziek azaldu bezala, «ekoizle gehiago aurkeztu ziren postua jartzera, baina aukeraketa egin behar izan genuen, pilotalekuaren azpiegiturara moldatu behar baikenuen».

Bertakoa indartuz

Azoka ahalik eta «aberatsena» osatu nahi zutela kontatu dute zinegotziek, «baina baita ahalik eta gertukoena ere. Horregatik, bertako ekoizleei eta artisauei eman genien lehentasuna». Honela, azokako 33 postuetatik hamazazpi bertako ekoizleenak eta artisauenak izan dira. Horien artean etxekoak ere izan dira, hain zuzen, Izpiliku xaboiena, Larreta esnekiena eta Zelaieta gaztena.

Era berean, postu bana izan dute herriko joskintza ikastarokoek, baina ez dute ezer saldu, postua osatutako lanen erakusleihoa baino ez da izan. Gazte lokaleko gazteek ere izan dute postua jartzeko aukera, gozogintza landuz. Bertan lortutako dirua lokala «hornitzeko» erabiliko dute.

Ekoizle eta artisauen produktuak ikusi eta erosteaz gain, gose zegoena tripa betetzeko aukera ere izan du. Izan ere, Eltxo elkartekoek salda, haragi egosi eta txorizo pintxo postua jarri dute.  Haurrentzako tailerra ere ez zen falta izan eta Egin dezagun magia paperarekin! izenburupean aritu dira gaztetxoak tailerrean. Azoka amaieran, Orendaingo ekoizleen produktuekin saski bat zozketatu dute azokan erosketa egin duten herritarren artean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!