Igandean bigarren urtez egingo dute Orendaingo artisau azoka

Aitor Arroyo Askarai 2024ko api. 16a, 07:59

Guztira, 33 postu jarriko dituzte, igandean, Urritzondo pilotalekuan eta inguruan; eskualdeko ekoizleenak eta artisauenak izango dira postu horietako hamazazpi.

Igandean bigarren urtez egingo dute Orendaingo artisau azoka. 10:00etatik 14:00etara 33 postu jarriko dituzte eta Jone Tolosa kultur zinegotziaren arabera «denetariko eskaintza zabala» bilduko du azokak. Postu gehienak Urritzondo pilotalekuan jarriko dituzte, eta inguruan ere egongo da besteren bat. Azokaz gain haurrentzako tailer bat eta bertako produktuen zozketa ere antolatu dituzte.

Antolatzaileak azaldu duenez, aipatutako azokan herriko sei postu egongo dira eta horietatik hiru ekoizleenak izango dira, hain zuzen, Izpiliku xaboiena, Larreta esnekiena eta Zelaieta gaztena. Era berean, postu bana izango dute herriko joskintza ikastarokoek, baina ez dute ezer salduko, postua osatutako lanen erakusleihoa baino ez da izango; gazte lokaleko gazteek, zeinak gozogintza landu eta lortutako dirua lokala «hornitzeko» erabiliko duten; eta Eltxo elkartekoek, zeinak jatekoa prestatu eta eskainiko duten, besteak beste, salda eta txorizoa. Tolosaren hitzetan azokaren helburuetako bat da herriko eragileen artean «elkarreragin bat sortzea». 

Azoka eta berrikuntzak
Azokako 33 postuetatik hamazazpi bertako ekoizleenak eta artisauenak izango dira, eta kultur zinegotziak azaldu du horren arrazoia: «Produktuei dagokienez, azoka ahalik eta aberatsena osatu nahi izan dugu, baina baita ahalik eta gertukoena ere».

Antolatzeko garaian «zailtasun bakarra» izan omen dute, hain zuzen, postua jartzeko eskaera gehiago jaso omen dituzte, eta «zailena» horien artean aukeratzea izan dela nabarmendu dute.

Hortik harago, baina, eskaintza «herritar zein adin guztientzat» egokitzen ahalegindu direla ere nabarmendu du Tolosak. Hain zuzen, horri erantzuten dio haurrentzat antolatu duten tailerrak: Egin dezagun magia paperarekin!. Zinegotziaren iritziz artisautza haurrengana gerturatzeko «aukera paregabea» izan liteke: «Txikitatik artisautza zer den jakiteko aukera polita da, eta gainera esperimentazioaren bitartez ezagutuko dute».

Horrez gain, aurtengo azokak badu beste berrikuntza bat ere: herriko ekoizleen produktuekin osatutako saskiaren zozketa. Orendaingo ekoizleen produktuekin saski bat osatuko dute, eta 14:00etan zozkatuko dute. Azokan erosketa egiten duenak txarteltxo bat jasoko du eta bertan jarri beharko ditu izen-abizenak eta telefono zenbakia. Jarraian, txarteltxoa kutxa batean sartu beharko du zozketan parte hartzeko.

Kultur zinegotziak azaldu du azokaren helburu bera duela zozketak ere: «Orendaingo produktuak probatzeko eta ezagutarazteko beste modu bat da zozketa».

Haur, gazte eta heldu
Aurrez aipatu bezala, azokan «herriko adin guztientzako» eskaintza antolatzen saiatu dira. Tolosaren esanetan, tailerra antolatu dute haurrentzat «erakargarriena» izango delakoan; gazteek postua jarriko dute eta bildutako dirua lokala «hornitzeko materiala» lortzera bideratuko dute; eta, helduek, azokan hartuko dute parte.

Bide beretik, antolatzaileak nabarmendu du jarduera guztiak antolatu dituztela bai herritarrentzat, baina baita kanpotik bertaratuko direnentzat ere.

Bestalde, azoka artisau produktuena izatea ere «garrantzitsua» dela nabarmendu du Tolosak: «Horrelako azokek aukera ematen dute kontsumitzailearen eta ekoizlearen edo artisauen arteko harremana, batetik, sortzeko; eta, besterik, garatzeko. Produktuaren atzean nor dagoen jakin daiteke». Haren iritziz mota honetako jarduerek «beste kontsumo eredu bat» sustatzen dute, eta balioa eman nahi izan diote horri. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!