Indarkeria matxistaren aurkako eguna 2023

Orendainen ez dela indarkeria matxistarik onartzen dioen kartela jarri dute

Ataria 2023ko azaroaren 25a

Orendaingo Udalak jarri du kartelak herrigunearen sarreran, eta elkarretaratzea egitearekin batera erakutsi dute.

Jone Tolosa zinegotziak hitz egin du udalaren izenean, eta gogora ekarri du aurten ere indarkeria matxistak «ondorio larriak» utzi dituela Euskal Herrian: «Guztira lau emakume eta haur bat hil dituzte 2023an. Erailketa horiek indarkeria matxistaren ondorio larrienak dira, baina, horiez gain, askotarikoak dira emakumeok egunerokotasunean jasaten ditugun erasoak. Emakumeok, lesbianok eta transok».

Eraso horiek ez direla kasualitatez gertatzen gaineratu du: «Sistema kapitalista, heteropatriarkatu eta arrazistaren ondorio dira. Eta, beraz, denon ardura da, nor bere eremutik, erakundeetatik, gizarte mugimenduetatik, sindikatuetatik, etxetik, norbanakotik.... Euskal Herritik eta Orendaindik indarkeriarekin amaitzeko lanean jarraitzea». «Gora borroka feminista!» esanez bukatu dute ekitaldia.

Bestalde, Orendaingo Udalak azaroaren 30eko greba orokor feministaren bat egiten duela azaldu du. Egun horretan, 18:00etan, Tolosan egingo den manifestaziora joateko deialdia egin du, eta Orendaindik bertara joateko 17:15ean herriko plazan elkartuko direla jakinarazi du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!