Bigarren agintaldia izango du Orendaingo Udalean Miguel Angel Arsuagak (1964, Orendain). Taldeko gainerakoek lehen aldia izango dute, baina «gaitasun handiko jendea» direlakoan dago Arsuaga, eta «gustura» dagoela ere nabarmendu du. Aurrera begira frontoi zaharra berritzeko lanak amaitu nahi dituzte, eta herriko baserri bat gazteentzako egokitzeko aukera aztertzen ari dira. Aurreko agintalditik ere mantentzen dute helbururik, kasurako, «herria txukun mantentzea».
Bigarren aldia izango duzu alkatetzan. Nola joan da aurrekoa?
Nahiko eskasa izan zen, eraikin berriko teilatua eraman zuen haizeak, luiziak ere izan genituen... Eta Covid-19aren kontu guztia ere gertatu zen. Ez ginen iritsi nahi genituen gauza guztiak egitera, gauza batengatik ezin bazen, beste batengatik zen. Teilatuaren kontuak lan dezente eman zigun... Diru laguntza handirik ere ez genuen izan Foru Aldunditik, saiatu baginen ere. Seguruak kubritu zuen gehiena, baina gainerakoa lortzeko... Zailtasunak izan genituen.
Zer moduz joan dira agintaldi honetako lehen asteak?
Nahiko ondo joan dira. Taldeko gainerako lauak berriak dira, baina gaitasun handiko jendea da; uste dut asmatu dugula beraiekin, eta gustura gaudela esango nuke.
Aurrera begira zein proiektu dituzue esku artean?
Frontoi zaharraren kontua dago hor, zeina lehen eskolapioena zen eta gaur egun udalarena den. Hori berritzez bukatu nahi dugu: txukunduta utzi. Badaukagu beste proiektu bat ere: baserri zahara bat badago herrian, eta herriko gazteentzat nola egokitu genezakeen pentsatzen ari gara. Lehenengo aztertu behar dugu ea baserria eskuratu dezakegun ala ez; eta gero zein forma eman pentsatu beharko dugu ondo.
Horiez gain, herria txukun edukitzea da helburuetako beste bat. Mantentze lanetan dirua joaten zaigu, baina uste dugu merezi duela herria txukun edukitzeak.
Eta momentuz, behintzat, ez daukagu beste proiekturik. Aurrera joan ahala aterako dira proposamen berriak eta, izatez, ideia batzuk baditu taldeak, baina oraindik garatu egin behar ditugu.
Aurrera begira zailtasunik aurreikusten duzue?
Bada, frontoiarekin betikoa: herri txikiek, Orendainek ez dauka beste finantzaziorik diru laguntzetatik aparte. Eusko Jaurlaritzatik jasotzen dugun diruaz aparte ez daukagu beste iturririk, ez enpresarik edo antzekorik. Beraz, jasotako horrekin moldatu behar dugu.
Modu horretan proiektuak aurrera eramatea ez da batere erraza: pixkanaka-pixkanaka egin behar dira, zorpetzerik ere ez baitugu nahi. Eta hortxe ibiltzen gara, poliki-poliki. Oraintxe bertan egin dugu frontoi zaharreko aurreko zatia: parke txiki moduko bat egin dugu, eta oraindik falta zaigu frontoiaren egitura txukuntzea; horrekin bukatuko genuke proiektua. Baina diru laguntza horiek guretzat motz geratzen dira.
Ba al dago bereziki kezkatzen zituen gairik?
Orain herrian ume asko daude: 0-12 urte bitartean izango dira hogeita bost bat ume, 12-16 bitartean, beste hainbeste... Gure asmoa zen, hasiera batean, saiatzea Orendainen eskola jartzen. Saiakera batzuk egin ditugu, baina ikusi duguna da herritar guztiek ez dutela berdin pentsatzen. Hainbat ez daude ados Orendainen eskola jartzearekin, nahiago dute umeak bideratu Alegiara edo Abaltzisketara. Horrek min pixka bat eman digu: ez lortzea guztiak alde berera tira egiten.
Alkate bezala zer eskatuko zenieke herritarrei?
Nik eta taldeak Orendain bizirik ikusi nahi dugu. Helburua da jendea inplikatzea, eta ez daukat kexarik. Baina horixe, herria bizirik eduki nahi dugu, jarduerak antolatu.. Eta horretan saiatzen ari gara.