Elkarrizketa

«Aurreikuspen bat izan arren, edozer gauza gertatu daiteke»

Imanol Garcia Landa 2023ko ira. 21a, 16:00
Argazkia: @thecyclingculture

Patxi Plazaola orendaindarrak 770 kilometro eta 15.000 metro aldapa gora dituen Badlands proba egin du, Almeria eta Granadan zehar. Ultra distantziako bere laugarren proba izan da.

Beste abentura bat burutu du Patxi Plazaola (Orendain, 1990) txirrindulariak. Oraingoan Andaluzian izan da, Badlands izeneko ultra distantzia proba eginez, irailaren hasieran. Bosgarren postuan amaitu zuen, 42 ordu eta erdi luzez bizikleta gainean aritu ondoren.

Nolakoa da Badlands proba?

Ultra txirrindularitzako proba bat da, gravel bizikletarekin egiten dena. Granada eta Almeria aldetik da, 770 kilometro ingurukoa eta 15.000 metro aldapa gora ditu, baina egun horietan euriteak aurreikusita zeuden, eta ibilbidea pixka bat aldatu ziguten, urak eremu batzuk hartu zitzakeelako. Beraz, 20 bat kilometro moztu zuten ibilbidea.

Zenbat parte hartzaile izan zineten?

300 txirrindulari izan ginen, 250 baino gehiago bakarka eta 40 bat binaka. Ultra distantzian sortu zen aurrenetakoa izan zen, eta lehenengo urtean parte hartze ona izan zen, tartean txirrindulari profesional bat. Fama hartu zuen, erreferente bat bihurtu da, eta izen emateak berehala bukatzen dira.

Bosgarren egin zenuen. Postu hori espero al zenuen?

Gauzak ondo joanez gero, hamargarren postuaren inguruan ibiliko nintzela pentsatzen nuen. Baina lasterketa hauetan denetarik gertatu daiteke, eta nik ere izan nituen nire arazoak. Zuk aurreikuspen bat izan arren, edozer gertatu daiteke; adibidez, eskarmentu handiko jendea erretiratu egin zen.

Ultra distantzia izateaz gain, proba hauek autosufizientziaren berezitasuna dute.

Azkenean filosofia da zuk daukazula irteera bat eta bukaera bat, GPS dispositibo bat antolakuntzakoek jakiteko non zauden, eta edozein egunetan egin dezakezuna egin dezakezu, baina laguntzarik jaso gabe. Ahal duzu hotel batean lo egin, jatetxe batean bazkaldu, supermerkatu batera sartu eta zerbait erosi, baina ezin duzu aurretik erreserbarik egin.

Nola izan zen hasiera?

Gorafeko desertua pasatzen da, ondoren Tabernaseko desertua, gero Cabo de Gata aldera joaten zara, eta kosta aldetik Almeria zeharkatu, azkenik Granadako Alpujarras eremuan bukatzeko. Ustez lehen egunean euria egin behar zuen, baina esnatu ginenean ez zuen ari. Ni euritakoa jantzita atera nintzen, eta ez zen erabaki onena izan, lehen lau orduetan ez zuelako euririk egin. Baina gero Gorafe aldera iristen zaparrada indartsu batzuk izan genituen.

Hasieran talde batean nindoan, nahiko bizi, baina ehungarren kilometro inguruan luzatzen hasi zen. Nabigatzailearekin akats bat izan nuen, galdu egin nintzen eta eroriko bat ere izan nuen, baina ez zen gauza handirik izan. Hiru elkartu ginen, beno, gertu gindoazen, proba honetan ezin duzulako inoren gurpilean joan. Seiak inguruan nahiko ikonikoa den herri batera iritsi ginen, Gor izenekoa. Herria eta bertako taberna prest egoten dira, ez zaizkielako gosez dauden hirurehun txirrindulari egunero bertatik pasatzen.

Zergatik da leku hori berezia?

Esan daiteke bertan bai edo bai geratu behar izaten dela. Iluntze aldera iristen zara eta gero hortik aurrera 90 kilometrotan ez daukazu ezer, ez herririk ez iturririk. Hori pasa eta Filabres mendikatea igaro behar duzu. Bi mila metrora igotzen zara kilometro pila bat eginez eta gero beste kilometro ugari egiten dituzu beherantz, eta ez dago ezer. Aurten, gainera, ilundu eta berehala sekulako ekaitza hasi zuen: tximistak, haizea... Ni beste batekin nindoan eta aurrera egitea erabaki genuen. Beste mutil bat beldurtuta geratu zen zuhaixka baten azpian, tximista batek gertu jo eta gero. Zaila izan zen, hotz handia egiten zuelako. Azken 20 kilometroko jaitsiera egin aurretik, arropa dezente jantzi nuen, eta bete-betean asmatu nuen. Lau txirrindulari batera jaitsi ginen, eta beste hirurak ia hotzez akabatzen zeuden, eta ni goxo-goxo joan nintzen.

Nola jarraitu zenuen proba?

Gauez aurrera egin genuen lasai, Tabernaseko desertua pasa genuen eta portu luze batzuk, eta goizeko lehen argiak Cabo de Gatatik gindoazela atera ziren. Proba hauek ez dira oso ezagunak, baina anekdota berezi bat gertatu zitzaidan: malda bat igotzen ari nintzela, ezerezaren erdian, etxe bat zegoen eta bertatik entzun nuen «Animo Patxi!» esaten. Goizeko laurak ziren. Pentsatu nuen antolakuntzakoren bat izango zela. Iritsi nintzen eta etxe aurrean geratu; bertan bizi zen pertsona bat zen, bere mugikorrarekin jarraitzen ari zen proba Internetez, eta ordu horretan ere bere etxe aurrera ateratzen zen jendea animatzera. Ikaragarria iruditu zitzaidan, eta benetan eskertu nuen.

Behin Almeriako probintzia pasata Granadakoa iritsi zen, eta gogorrena geratzen zen. Berrehun bat kilometrotan desnibelaren erdia egiten genuen, aldapa handi eta gogorrekin.

Nola bukatu zenuen proba?

Bigarren eguna nahiko ondo joan zen, baina iluntze aldera aldagailuaren heldulekua ez zegoen ondo. Haririk gabekoa da eta pilak ez zuen ondo egiten. GPSa ere gaizki jarri zen, eta aldapa behera bat ez zidan ondo markatzen. Ordubete aritu nintzen probatzen eta azkenean antolakuntzakoei deitu nien. Orduan errepide bat hartzeko esan zidaten, eta gero sartuko nintzela berriro ibilbidean. Gero aldagailuaren atzeko bateria gastatu egin zen, eta hartu nuen ordezkoa dirudienez galdu egin nuen. Kargagailu bat banuen eta powerbank bat, eta horrekin hasi nintzen kargatzen. Baina hor pare bat postu galdu nituen. 30 kilometro falta zitzaizkidan, eta GPSa kale egiten hasi zen. Azkenean kilometro gehiago egin nituen eta sufrituta, baina iritsi ginen helmugara.

Gisa horretako zenbat proba egin dituzu?

Laugarrena izan da eta bi bukatu ditut. Aurten ez ditut horrelako gehiago egingo, baina datorren urtean ziurrenik besteren bat egingo dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!