ELKARRIZKETA

«Tradizioari eutsi nahian hor gabiltza, eta ez dakit eutsiko diogun»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko urr. 28a, 07:59
Pello Garaialde eta Axun Okaña errotariak. E. MAIZ

Orendaingo errotan bizi dira Pello Garaialde eta Axun Okaña, eta 2018az geroztik, emaztea arduratzen da errota kudeatzeaz; eskaerak jaso ahala jartzen dute martxan errota artoa ehotzeko.

Pello Garaialde Arrieta (Orendain, 1958) Orendaingo errotan jaioa da, eta Axun Okaña Arrieta (Zegama, 1966) du emaztea. Umetatik ezagutu du errota martxan Garaialdek, eta gurasoen tradiziori eutsiz, martxan mantentzen dute errota. Errotariak dira, eta 2018ko abenduaz geroztik, emaztea da errota kudeatzen duena. Bertatik bizimodua ateratzea ezinezkoa dela aitortu badute ere, gurasoen bideari jarraituz, egun, artoa baino ez dute ehotzen bertan.

Umetatik ezagutu duzun lanbidea da errotariarena zure kasuan, Pello?

Pello Garaialde: Bai, bai. Gu jaiotzerako bazen errota eta gure aita zenak-eta erabiltzen zuten artoa edo garaia ehotzeko. Txikitatik ibili izan naiz errotan.

Orendaingo errota da, baina era berean Orendain herritik oso aparte geratzen den errota da.

Garaialde: Bai. Amezketarako bidean dago kokatuta, baina Orendaingo lurretan dago.

Zein da errotari baten lana?

Axun Okaña: Artoa txikitu eta arto-irina egiten dugu. Lehen garia ere egiten genuen, baina orain azken urteetan artoa bakarrik egiten dugu. Lehen okindegiren batek garia eskatzen zuen, baina zeliakoen kontua dela-eta biekin batera aritzerik ez dago. Ez da nahastea komeni.

Garaialde: Bi errotak itxi eta banatu beharko lirateke, eta hala ere, irina, hautsa, pasa egingo litzateke eta ezinezkoa da. Gariaren errota geldirik dugu azken urteetan.

Errotak lan egiteko beharrezkoa du ura. Uda lehorra izan da...

Garaialde: Iaz ere gaizki ibili ginen, eta aurten komerietan ibili gara urarekin. Iaz baino okerrago ibili gara. Ura errotatik 500 bat metrora hartzen dugu. Ura hartzerik ez dute nahi, eta guarda ere etortzen da. Orain behar dugun garaian bakarrik hartzen dugu, eta errota martxan jarri behar dugunean bakarrik. Presa bat dugu eta hori betetzen dugu, eta behin betetzean presioa hartzen du. Berez, ura hartu eta bota egiten dugu, baina zati bat ur gutxirekin geratzen da. Behin errotako lanak amaitzean, berriz ere, ura errekara bidaltzen dugu. Horrela ibili behar izaten dugu.



Orduan uda lehorra izateak eragina du zuen errotan?

Okaña: Bai. Martxan jartzerik ere ez dagoela egon gara ur faltagatik.

Garaialde: Ez nuen horrelakorik espero. Bestela ere, urak gorabeherak izaten ditu. Baina ura asko jaitsi da eguraldi lehorrarekin.

Zuek ereiten duzue ehotzen duzuen artoa?

Garaialde: Artoa egiten dugu etxeko soroan, baina ez da urte osorako izaten. Asko gastatzen dugu artoa, eta behin bukatzean erosi egin behar izaten dugu.

Okaña: Guk ereiten dugunarekin bakarrik ezin da.

Eskaera handiagoa duzu, beraz.

Okaña: Bai. Soro handiak beharko genituzke, eta artoa bera gordetzeko lekua ere bai.

Zein bilakaera izan du arto-irinak?

Okaña: Orain dela bost urteko eskaerarik ez dago, adibidez. COVID-19aren urteak oso baxuak izan ziren. Gorakadatxo batzuk izaten dira tarteka, baina ez dira lehengo urteak.

Garaialde: Garai batean okindegietara-eta gehiago saltzen genuen. Orain ez dakit okindegi askok beraiek jarri dituzten errotak, edo beste nonbaitetik erosten duten; hona etortzeari utzi egin diote. Esaterako, Orekako Julen [Irurtzun] etortzen zaigu.



Baina duela 30 urtetik hona, gehiago ala gutxiago kontsumitzen da?

Garaialde: Duela 30 urte baino gehiago kontsumitzen dela esango nuke. Duela hamabost bat urte gorakada dezentekoa izan zen, eta orain, berriz, guk jaitsiera izan dugu. Ez dut uste errotarik ireki denik, edo jendeak jarri dituenik edo... Orain dela urte batzuk, eskaera handia zen. Gabon egunen bueltan gau eta egun ezin eginik ibiltzen ginen, eta orain ez dago horrelako arazorik. Orain errazago egiten dugu.



Festa eta azoka garaian nabarituko duzue eskaera handitzen dela, ezta?

Okaña: Talo egile txikiak etortzen zaizkigu normalean. 10-12 bat kilo eramaten dituzte. Festa edo azoka garaietan nabaritzen da, bai, gorakada; batera edo bestera jendeak eramaten du arto-irina, eta mugimendua izaten da.

Talo jateak egiteko ohiturarik badu jendeak familian edota lagun artean?

Okaña: Bai. Horretarako ere etortzen da jendea, bada ohitura.

Garaialde: Nik neronek ere egin izan ditut familian eta lagun artean talo jateak.

Zein garai da zuentzat lan gehienekoa?

Okaña: Normalean udan ez da saltzen, ez da eskaerarik izaten. Agian abuztuaren amaieran hasten dira batzuk, baina orain da lan gehienekoa. Urria, azaroa eta abendua, eta gero, urtarrila eta otsaila ere bai. Negua da batik bat taloa jateko garaia.

Taloa eta ogiaz aparte beste zerbait egiteko erabiltzen da arto-irina?

Garaialde: Taloetarako da gehiena, edo talo-ogia. bestela, orain, ogia egiteko ere erabiltzen dute. Nahastu egiten dute gariaren eta artoaren irina eta biak nahastuta egiten dituzte ogiak.

 

«Duela 30 urte baino gehiago kontsumitzen dela esango nuke. Duela hamabost bat urte gorakada dezentekoa izan zen, eta orain, guk jaitsiera izan dugu»



Errota bera zuk umetan ezagutu zenuen bera da edo mantentze lanak egin behar izan dizkiozue?

Garaialde: Modernizatu edo... behean ardatzean, pieza batzuen gainean. Pieza horiek brontzezkoak zeuden eginda. Errotak jan egiten zituen brontzezko pieza horiek, eta buelta eman eta beste aldera jarri eta ibiltzen ginen. Ordezkatzeko brontzezkoak egiten hasi ginen, eta ez zuten ezer aguantatzen; astebete ere ez zuten aguantatzen brontzezko berriek.

Ikertu egin genituen eta aleazio bat eginda zuten, brontzearekin eta plomuarekin. Garai batean ere bazekiten zer egin nonbait! Eta horiek denak egiten ez hasteagatik, guk orain errodamenduekin jarrita daukagu. Ardatza ere egurrezkoa zuen, eta guk orain burnizkoa jarrita dugu. Gainerakoan errota asko ez dago modernizatzerik. Harria hor dago, eta harria hasierako bera da, eta azpikoa ere bai; bi harriak berak dira. Bi harri ditu: bat azpian finkoa da, eta bestea bueltaka ibiltzen dena da. Egurrak-eta berritu ditzakezu, gainerakoan zaila da. Harriak, gainera, bereziak izaten dira. Bat artoarentzako dugu nahita, eta bestea gariarentzako. Ezberdinak dira. Harriak ikusi eta berdinak direla ematen du, ez dira berdinak; ezberdintasunak dituzte eta era berean, beren historia ere badute.



Errotari lanetik bizitzea, ordea, ezinezkoa.

Okaña: Hemendik bizitzea ezinezkoa da.

Garaialde: Gurasoak ere ez ziren bizi izan errotatik; aitak ere fabrikan lan egiten zuen. Baserria zuten, eta errotarekin jarraitu egin zuten. Hemendik ez dago bizimodua ateratzerik, edo bizimodua ateraz geroz, beste modu batera beharko luke izan. Astuarisen edo egon behar du bakarren bat lau errota edo dituena martxan jarrita; horrela agian bai, baina errota batekin ez.

Okaña: Tradizioari eutsi nahian hor gabiltza, eta ez dakit eutsiko diogun, edo zer egingo dugun. Legeztatuta dugu, eta baimen guztiak ditugu errota martxan edukitzeko, baina gizarte segurantza ordaintzeko lain ateratzen badugu, gustura.

Garaialde: Mantentzeagatik dugu martxan. Aitak eta amak martxan izatea nahi zuten, eta tradizioari eusten diogu. Bizitzeko lain ateratzerik ez dago, ezta pentsatu ere.



Eskatu ahala egiten duzue arto-irina edota eginda izaten duzue?

Okaña: Eskaerak ditugunean egiten dugu arto-irina, bestela geldirik egoten da errota.

Errota martxan jartzean gainean egon behar da?

Okaña: Bai. Martxan dagoenean beti gainean egon behar duzu. Trabatu egin daiteke pixka bat, eta inguruan ibili behar duzu beti. Gainera, artoak lehorra egon behar du, bestela erantsi egiten da.

Egin berria hobea da?

Okaña: Bai. 10, 20 edo 7 kilo egin ditzakegu. Badaezpada edukitzeko gehixeago egiten dugu, baina egin eta hor edukitzeko bada, hobe da ez egitea. Hobea da egin berria izatea eta eskaera bidez funtzionatzen dugu. Kiloren bat edo beste eduki behar izaten dut, baina ez du eginda edukitzerik merezi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!